'Zinema euskaraz' ekimenak helburu didaktikoa du. Film bakoitzaren ostean, gaia jorratzen da ikasleen artean, helburu jakin batzuk lortzeko.
Lehen Hezkuntzako (6-12 urte) 7.521 ikaslek hartu zuten parte. Film hauek eman zitzaizkien: Ernest & Celestine, Tormeseko Itsumutila, Maya erlea, Tarzan, Lotte, Polleke, Txori Urdin, Lepel, Pim & Pom eta Robotak. Hainbesteko arrakasta izan zuten filmok, ezen egutegia zabaldu behar izan zen, ikastetxeen eskariei erantzun ahal izateko.
Bigarren hezkuntzan (12-16 urte) 1.756 ikasle izan ziren parte hartu zutenak. Zinema-emanaldi horien helburua gaztetxoen egunean eguneko errealitatea aztertzea da, gogoeta eginez, erantzukizuna eta iritzi kritikoa landuta eta, batik bat, bizitzan agertuko zaizkien arazoei eta egoerei aurre egitea.
Hauek dira adin-tarte horretakoek ikusi zituzten filmak: Diamante beltzak, Enderren jokoa, Gazte harrigarria T.T. Spivet eta Kontiki; berdintasuna jorratzeko 5 film labur ere eskaini zitzaizkien: Majorite opprime, Recursos humanos, Love is all you need, Sirenito eta Vestido Nuevo.
2015-2016 ikasturterako Bilboko 33 ikastetxek eman dute izena dagoeneko. Emanaldiak GOLEM zinemetan izango dira maiatzera arte.
'Zinema euskaraz' programa 1991n jarri zen abian. Harrezkero, Bilboko 180.000tik gora ikaslek hartu dute parte bertan.