LAB Metro Bilbaok, iragarki sexistak Bilboko Metroan onartezinak direla aldarrikatzen du eta ondorioz, salaketa jartzeaz gain, iragarkiaren gaineko errefusa Emakunde eta Bilgune Feministarekin elkarbanatu du. Sindikatuak iragarkia ikusi bezain laster, lantegiaren web orridaldean sartu eta "webgunea ere guztiz sexista" dela ikusi ahal izan dute.
LABetik URIOLARI aitortu diotenez, ez da horrelako zerbait gertatzen den lehenengo aldia eta dagoneko nekatuta daude Bilboko Metroan jartzen diren iragarkiek "gutxiengorik ez betetzeaz". Beraz, Bilboko Metroan iragarkiak kudeatzen dituen enpresari baita enpresa iragarleari ere iragarkia "bai ala bai kentzea" eskatu diete.
Orain iragarlearen eta Metro Bilbaoren erantzunaren zain dago sindikatua, iragarkiak asteartero kendu eta jartzen baitira. Hortaz asteartean iragarkia Moyuan edota beste edozein geltokitan aurkituz gero, LAB Metro Bilbaok honen aurkako urrats berri bat emango du.