Santurtzi eta Bilbo lotuko lituzkeen Hegoaldeko Tren-sahiesbidea Olabeaga auzotik pasako litzateke, lurrazaletik, ez lurrazpitik, Fomentoko Ministerioak BOEn argitarau duen lehen faseko azterketa proiektuaren arabera. Horregatik eskatu dute auzotarrek "sahiesbidea hiritik atera dezatela edo lurrazpitik egin dezatela". Besteak beste, "arriskutsua den merkantzia tona asko" pasako liratekeelako Olabeagatik.
Auzoak "nahiko barrera dauzka jadanik", eta proiektu berriak "erabat zatituko luke", Olabeaga Bizirik auzo elkarteko ordezkarien esanetan. Are gehiago, orain. Traba arkitekntokikoak ezabatzeko Udalak "Ventosa eta Olabeagaren erdigunea hurbiltzeko plana onartu duenean".
1.200 auzotar inguru bizi dira egun Olabeagan. Atzokoan 3.000 sinadura eraman zituzten Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak Bilbon duen egoitzara. Auzotik kanpo ere sahiesbidearen aurkako hainbat lagunen babesa lortu du elkarteak change.org atariaren bitartez.
Bilboko Udalak ere ez du begi onez ikusten sahiesbidea. Asier Abaunza zinegotziak adierazi duenez, tren-sahiesbideak Bilbo hiria "lurrazpitik zeharkatu beharko luke" edota Bilbo zeharkatu gabe, "Santurtzi Basaurirekin lotu".