Gazte transexual baten gorputz-enbor tatuatua izango da Zinegoak 2016ko irudia

Erabiltzailearen aurpegia Hegoak Elkartea 2016ko urt. 12a, 13:06

Zinegoak, gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiak otsailaren amaieran ospatuko den 2016ko edizioaren kartela aurkeztu du.

Argazki bat da, 'Transformation, scars for freedom' ('Eraldaketa, askatasunerako orbainak') izenburua daramana, Joss Manz artistarena da, eta Hegoak Elkarteak antolatzen duen Afrodita argazki lehiaketa irabazi zuen iaz.

"Edizio bakoitzean, kartelarekin, jendartearen gehiengoak gutxi ezagutzen duen LGTBI mundu anitzarekin loturiko gai bat mahai gainean jartzen saiatzen gara", dio Pau Guillen zuzendariak, "aurten gizonezkoen trans errealitatea ikustarazi nahi genuen".

"Sinplea delako gustatzen zitzaigun, eta gizonezko baten gorputz-enborra erakutsiz nabarmendu gabe pasatzen den argazki batek, bigarren begiradan ordea, hiriko hormetan gutxitan ikus daitekeen beste errealitate batekin harremanetan jartzen gaituelako".

Argazki hau Zinegoaken edizio berri honen irudi nagusia izango da, eta hiri osoan jarriko diren 3500 kartel baino gehiagotan agertuko da, bai eta 4000 eskuko egitarau baino gehiagoren azalean ere, festibalaren laguntzaile diren lokaletan, turismo bulegoetan eta barrutiko zentroetan doan eskuratu ahalko direnak.

Irudi hau, halaber, martxoan zehar Zinegoak Hedapenean parte hartzen duten 30 udalerrietatik banatuko da.