Hiztegi Batuko lantaldea corpusetan oinarritzen da hiztegia osatzeko, erabilera-maiztasunean oinarritutako A-tik Z-rako itzulietan. Horren abantaila erabili eta erabiltzen dena jasotzea da, baina sistematikotasuna galtzeko arriskua ere badu. Eta horixe da, hain zuzen, azken urte hauetan lantaldeak egin duena: hutsuneak izan zitzaketen gaiak berariaz aztertu eta hiztegia osatu.
Adibidez, lehendik jasotako aitaso edo lehenseme formei gehitu zaizkie amaso eta lehenalaba, berdintasuna bermatuz, familia-loturak bere osotasunean berrikusi baitira. Eta, horiekin batera osatu dira: aro geologikoak (antzinaro, Erdi Aro arautuei eneolito, pleistozeno, Solutre aldi modukoak gehituz), munduko diru zaharrak (napoleon, sestertzio, sueldo...) eta egungoak (dram —Armeniakoa—, kuna —Kroaziakoa—, nafka —Eritreakoa—,…), arrazak (artzain-txakur eta pottoka jasoekin batera, chihuahua, Enkarterriko billano, labrador, merino, pertxeroi modukoak), jaien izenak (magdalenak, sanjoanak, santomasak…), karten izenak (belot, bridgeeta ipurdi-zikin, besteak beste), kasuen izenak (destinatibo, leku-genitibo…), elementu kimikoak (lehendik bildutako bromo, iridio, titanio formekin batera, argon, banadio, estrontzio, mendelevio…), hatzen izenak (hatz lodi, erakusle, luze, nagi eta txiki, eta eri potots, eri erakusle, erdiko eri, eraztun eri eta eri ttipi), musika-notak (beltz, biribil, giltza, kortxea…), -tan bizialdia (ezkonberritan, neskatilatan…), zodiakoa (aquarius eta akuario, aries eta ahari, pisces eta arrain…), zientzia-unitateak (farad, Fahrenheit gradu, kilobit, terabyte…), mineralak (akuamarina, anglesita, websterita…).
Sail horiek guztiak osatu dira, bai eta izen propioetatik eratorritako formak (adonis, alzheimer…) eta -tar osaerako euskal hitzak ere (newtondar, rousseautiar…).
Bukatzeko, 173. arauak jasotako alfabeto grekoa ere ekarri da Hiztegi Batura, lehendik zerrendatutako alfa eta omega modukoei beste guztiak gehituz (epsilon, lambda, omikron…).
18 sail osatu ditu Hiztegi Batuko lantaldeak, eta horiek arautu ditu Osoko bilkurak. Kasu batzuetan informazioa osatu egin da (espezialitate-marka edo adiera gehituz, euskalki-marka finduz), lehendik jasotakoak berrikusi eta zuzendu ere egin dira kasuren batean (anpere -> ampere, esaterako), eta sarrera eta azpisarrera berriak gehitu dira kasurik gehienetan. Hiztegia orekatuagoa dela esan dezakegu orain.