Calixto Bieito izendatu dute Arriaga antzokiko zuzendari artistikoa

uriola.eus 2016ko urt. 13a, 17:36

Zortzi urtez karguan egon den Emilio Sagi ordezkatuko du Bieitok aurrerantzean. "Harrituta" jaso zuen Bieitok Arriaga zuzentzeko proposamena, eta gaurko aurkezpena Sagik eginiko "lan bikaina" goraipatzeko baliatu du. Gaur egun Basileako Operako zuzendaria ere bada Bieito, eta aurrerantzean bi karguak beteko ditu.

Arriaga antzokiko Administrazio Kontseiluaren ostean, Juan Mari Aburto alkateak hurrengo lau urtetako Arriaga antzokiko zuzendari artistiko berri gisa aurkeztu du Calixto Bieito. "Gehitzeko eta aurrera egiteko nago hemen", adierazi du eszena zuzendariak hitza hartu duenean. "Bertakoa landuz eta zainduz", Arriaga Europako antzoki handienen mailan jarri nahi du Bieitok. 

Juan Mari Aburtok erronka jarri dio Bieitori. Arriaga "antzoki modernoa, irekia, anitza, sormenezkoa eta nazioartekoa" bihur dezala, alegia. Hain zuzen ere, "sortzen ari garen Bilbo honi lotua", gaineratu du. Etxekoak ahaztu gabe. Ekoizpen propioa eta harrobia babesten jarraitzeko keinua ere egin dio Aburtok: "Euskal aktoreei euren lanak aurkezteko aukera eman diezaiela, euren karrera sustatu ahal izateko". 

Calixto Bieito (Miranda de Ebro, Espainia, 1963) nazioarte mailan entzutetsua den dramaturgo eta eszena zuzendaria da. Ezaguna da zuzendu dituen opera klasikoen bertsio erradikalengatik. 2013tik Basileako Operako zuzendaria da. Ardura hori Arriaga antzokiko zuzendari artistiko karguarekin bateratuko du Bieitok. 

 

[2016-01-13] Calixto Bieito izango da Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoa