Sexualitatea gero eta ahaztuago gazteen artean

uriola.eus 2016ko urt. 14a, 11:31

Argazkia: EGIZU Getxo Euskaldun Elkartea

Lehen familia eta eskola ziren heziketa sexualaren eta gazteen harremanetarako eredu-emaileak. Egun, teknologia berrien etorrerarekin bat, hauek hartu dute garrantzia, eta ondorioz, hainbat kontraesan, segurtasun eza eta nahaste eragin dira. Beraz, guzti honek gezurrezko errealitatera eraman ohi ditu gazteak. Horiek bideratzeko ahaleginean ari da Bilboko Udala sexualitate ikastaroen bitartez. 

Bilboko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetako 3.000 gaztek baino gehiagok hartu dute parte prestakuntza heziketa afektibo sexualari buruzko ikastaroetan. Hauen helburua, jarduera sexual aktiboago eta kontzienteagoa sustatzea da. Aldi berean, arriskurik gabeko sexualitatea izateko irizpideak eta jokibide arduratsuei buruzko ezagupenak ere jaso dituzte gazte zein helduek.

Heziketa sexuala koitoaz edo HIESAz hitz egitea edo preserbatiboak eskuratzea baino gehiago da. Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak ia hogeita hamar urte daramatza heziketa sexuala jorratzen gaztetxoekin. 

Azken programetan ondorio bi azaleratu dira. Alde batetik, gaztetxo batzuk bizitzen ari diren hazkunde-prozesua ezagutzen ez dutela ohartarazi dira. Horrek, beraz, zailtasunak ekar ditzazke euren autonomia pertsonala eta soziala osatzeko eta kontuan hartzeko garaian. Beste alde batetik, 16-20 urte inguruko gazteen artean preserbatiboa ez dutela ohiz erabiltzen ikusi ahal izan dute eta horretaz gain, antisorgailuez, sexualitateaz eta ugalketaz ezer gutxi dakitela ere egiaztatu dute.

Guzti hau garatzeko Udalak bi esku-hartze mota burutzen ditu. Alde batetik testuinguru zabalago batetik gaia jorratzea -prebentzio unibertsala adibidez- eta bestetik, prebentzio selektibo moduan Lanbide Heziketako ikastetxeetan lan zehatzagoa egitea. 

Testuinguru zabalago horrek, alderdi fisikoei eta psikologikoei buruzko taldekako informazio eta formazio-lanerako espazioa sortzea du helburu. Bertan gazteek aztertzeko elementuak aurkitu ahal izango dituzte; bizi duten prozesua ulertu eta alternatibak bilatu ahal izateko. Programa honetan parte hartzen duten gazteak 11 eta 15 urte ingurukoak izaten dira.

Aipatutako bigarrena berriz, lan zehatzago bat egitean oinarritzen da; prebentzio selektibo moduan Lanbide Heziketako ikastetxeetan egiten dena. Honetan 16-20 urtekoekin eta "beharbada arriskudun praktika sexualak dituztenekin", prebentzio-programa egiten da. Lan zehatzagoa eskatzen duen programa honetan, laguntzak bilatzeko edota arazoak konpontzeko trebeziak jorratzen dira.