Galder Perez, Goizalde Landabaso, Naroa Gaintza, Josu Martinez, Adur Larrea, Matxalen De Pedro, Lutxo Egia eta Nora Aurrekoetxearen hausnarketek osatutako lana da Nire amaren hiria izenekoa.
Lanaren ondorioak galdetegiarekin bat datozen blokeetan banatu ditu Bartrak: esperientzia pertsonala, Bilboko kulturgintzaren egoera, harremanak, espazioak, erakundeak eta aurrera begira.
Esperientzia pertsonalari dagokionean, elkarrizketatu gehienentzat Bilbon sortzea faktore determinantea izan da beren sorkuntza lana aurrera eramateko momentuan. Argi dute Bilbon euskaraz sortzea hautu bat dela (batzuk hautu horretaz oso kontziente izan dira hasieratik eta beste batzuek kontzientzia hori bidea egin ahala hartu dute) , militantzia puntu bat izan behar duela, egunero borrokatu egin behar dela eta bidean zailtasun eta oztopoak izango dituztela ere asumitzen dute.
Hiriaren eta sortzearen arteko lotura oso estua dela nabarmendu dute sortzaileek. Hiriaren ezaugarriek zuzen-zuzenean eragiten diote sorkuntzari, eta, beraz, hiriak dituen ezaugarriak hartzen ditu Bilboko kulturgintzak berak ere: fluxuz betea, anitza eta bizia.
Bilboko euskal kultur sorkuntzak bilakaera nabarmena izan du. Halaber, bilakaera hori hiriaren beraren bilakaerarekin bat etorri da. Lehenago esan bezala, Bilbo hiri industrial izatetik zerbitzuetan oinarritutako hiri izatera igaro da hamarkada batzuetan, eta kultur bilakaeran ere hori islatu da. Bilakaera horren adibide da, besteak beste, kulturgileen kanonaren eboluzioa. Euskal sortzaileen kanona euskaldunberria zen, abertzalea, konprometitua.. Eta egungo sortzaileek ez omen diote garai bateko kanonari jarraitzen. Gainera, lehen kontrakultura egiteko modu bat zela ere aipatzen dute gehienek eta orain hori pixka bat difuminatu dela. Edonola ere, euskaraz sortzea bera kontrakultura dela ere aipatzen da.
Euskal kulturgileen arteko konplizitateak egon badaude, baina nahiko mugatuak direla baloratzen dute, oro har. Konplizitateak neurri handi batean maila pertsonalean egon daitezkeenak dira, ez modu antolatuan edo sistematikoan gertatzen direnak. Diziplina ezberdinetako jendea lantzean behin batzen da eta gauzak elkarrekin egiten ditu, baina besterik ez. Ez da sumatzen Bilboko euskal kultur mugimendu dei dakiokeenik existitzen denik, eta horren beharra ere zalantzatan jartzen da.
Bilboko kultur espazioak aldi berean asko eta gutxi daudela nabarmentzen dute. Alde batetik, asko daudela esaten dute, kopuruz kultura eskaintzen den lekuak Bilbon egon badaudelako; baina, beste alde batetik, gutxi dira kulturaren beharra oso handia delako eta, gainera, dauden horietarako sarbidea oso mugatua delako. Espazioen desjabetze bat gertatu da, erakundeek hartu dituztelako espazio gehienak. Era berean, erakundeen esku ez dauden edota euskal kulturgintzara bideratuta egon daitezkeen espazioek zentralitaterik ez daukate. Bestalde, kultur espazioen nolakotasuna da hein handi batean zalantzatan jartzen dena. Espazioak heterogeneoak, biziak eta zabalak izan beharko liratekeela aldarrikatzen dute, eta espazio horiek kudeaketa mistoa izan beharko luketela.
Kulturaren eta erakundeen arteko harremana ez omen da txarra, baina erakundeek dagokiena baina espazio eta funtzio gehiago hartu dituzte kulturgintzan. Erakundeek, sortzaileen ustez, kultura babesteko, bultzatzeko eta diruz laguntzeko egon beharko lukete, are gehiago, erakundeak beharrezkoak direla deritzote kulturak aurrera egin dezan, baina erakundeengandik libre bizi behar dutela ere aldarrikatzen dute, hori delako modu librean sortzen jarraitu ahal izateko modu bakarra. Bestalde, ez dute uste apustu argi bat dagoenik euskal kulturaren aldekoa edo euskal kultura Bilboren ezaugarrietako bat izan dadin.
Azkenik, aurrera begira, badaude aurreikuspenak egiteko kontuan hartu beharreko faktore batzuk. Lehenik eta behin badaude kezkak: kultur sorkuntza oparoa izan badaiteke ere, arazoa beste aldean omen dago. Ez dago jasotzailerik. Beraz, alperrik da kultur ekoizpena ugaria eta kalitatezkoa izatea nork jaso ez badago. Modu bat asmatu beharko litzateke egon badagoen euskaldun masa kontsumitzaileak kontsumi dezan. Edonola ere, kontziente izan behar dugu erdal unibertso batean gaudela eta gure aurrerapausoak edo pozak, halabeharrez, txikiak izango direla. Hala eta guztiz ere, badago baikortasunerako tarterik eta ereiten ari diren haziek fruituak emango duten esperantzarik. Proiektu asko daude martxan, jendea gogoz eta indarrez ari da norbere esparruan lanean zein besteekin elkarlanean, eta baliteke portu onera eramango gaituen olatu baten gainean egotea.