Auzitegi Konstituzionalera edota Estrasburgora jotzeko prest agertu da Pannagh elkartea

uriola.eus 2016ko urt. 14a, 14:25

2011n, duela bost urte, Pannagh elkarteko bost lagun atxilotu zituzten droga trafikoa eta osasun publikoaren aurkako delitua egotzita. Fiskaltzak 22 urteko kartzela-zigorra eta bi milioi eta erdiko isuna eskatu zuen haientzat baina azkenik, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak absolbitu egin zituen iazko martxoan. Orain, Espainiako Auzitegi Gorenak zigortu berri ditu haietako lau.

Bi bazkideri urtebete eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra zein 250.000 euroko isuna ezarri die eta beste biri, sei hilabete eta egun bateko zigorra.

Gaur goizean Kafe Antzokian emandako prentsaurrekoan, kalamuaren kontsumorako elkarteko lagunek salatu dute, "epaia erabat politikoa eta helburua elkarte kanabikoen mugimendua deusestatzea” dela; Bizkaiko Lurralde Auzitegiak baieztatu baitzuen Pannagh legearen arabera osatutako elkartea zela eta elkarteak bere estatutuetan oinarrituta erabaki zuela marihuana lantzatzea zirkuitu itxi batean kontsumitzeko.

Martin Barriusok, Pannagheko buruak, azpimarratu du zirkuitu itxi hori une oro mantendu dela; "ez dagoela kontrakoaren arrastorik eta benetan irabazi asmorik gabeko elkartea direla erakutsi” dutela.

Haiek zigortu ahal izateko Gorenak “gertakarien kontaera aldatu” duela diote. Besteak beste, "ezkutuan ibili izana" leporatzen dietela argitu dute. Arartekoari zein Eusko Legebiltzarrari eskatutako babes eskariak gogora ekarri dituzte argudio hori ezerezean uzteko.

Aurrera begira, Auzitegi Gorenari epaia bertan behera uztea exijituko diote eta bestela, Auzitegi Konstituzionalera zein Estrasburgora jotzeko prest agertu dira.

Era berean, gehitu dute Gorenaren erabakia “benetan atzerakoia” dela eta ez duela zer ikusirik gaur egungo gizarteak dituen beharrizan eta interesekin. Indartsu ikusten dira hala ere; uste dute "hau azken txanpan jasotzen den egurra" dela eta "borroka politikoa irabazten" ari direla.