Apirilaren 14ra arte, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Errekaldeko eta Burtsako udaltegietara hurbiltzen diren bilbotarrek, oso adierazpen estilo eta teknika anitzak erabiltzen dituzten bost artistaren bost pintura erakusketez gozatu ahal izango dute. Artistak Jose Ignacio Sarasua, Ana Basarte, Jose Ramon Muro, Mari Kruz Bravo Gasamanes eta Nieves Moro Abascal dira.
Programako lehenengo erakusketek datorren astelehenean zabalduko dituzte ateak. Horrela, Castañoseko udaltegiak, akriliko eta olio teknika mistoan egindako José Ramón Muro artistaren bilduma eklektikoa jasoko du. 'Las luces y las sombras' izenburupean, artistak erakusten duen bilduman koadro bakoitza kontu handiz planifikatutako proiektua da, une jakin bateko argazki errealitatea irudikatuz, teknika landua eta kontu handiz egindako konposizioa erabiliz.
Abando – Barrainkuako udaltegiari dagokionez, Jose Ignacio Sarasua artista gipuzkoar ezagunaren erakusketa batekin zabalduko du Expodistrito ekimeneko aurtengo edizioa. Erakusketa ibilbide luzearen eta ia pinturako teknika guztiak erabili dituen lan zabalaren ondoren, olio bilduma aurkeztuko du oraingo honetan, ikusmen eragin handiena bilatzeko txantiloiak erabiliz, adibidez.
Begoñako udaltegiko erakusketa aretoak, Ana Basarte artistak berak "euren testuingurutik ateratako kaleko une txiki… eta bestelako huskeria" gisa definitzen dituen akuarelen erakusketa jasoko du. Urtarrileko bigarren hamabostaldi horretarako erakusketa egutegia Nieves Moro Abascalen margolanekin osatuko da. Oraingo honetan, akuarelaren eta bizitzaren arteko antzekotasunei buruzko gogoeta egiten duen zenbait lan proposatzen ditu.
Otsailera itxaron beharko da Expodistrito ekimeneko programazioa osatzen duen bosgarren erakusketa bisitatu ahal izateko, oraingo honetan Mari Kruz Bravo Gasamanes artista esperimental gaztearena. Bere lan abstraktuaren bitartez heriotzari dion beldurra erakusten du munduaren aurrean, eta gizakiaren basakeria eta gure Ama Lurrari ematen zaion tratu txarra salatzen ditu. Pozak eta algarak ere leku garrantzitsua betetzen dute bere lanean. Artista horrek hainbat ehundurekin egiten du lan, eta zenbait materialekin esperimentatzen du. Material horien artean eskaiola, zementua, oihalak, ugertutako burdina, azuleju zaharrak, kare-harria, adreilu-hautsa eta bidean aurkitzen dituen objektuak daude. “Déjate llevar” izena daraman erakusketa otsailaren 2tik 12ra ikusi ahal izango da beste inon baino lehen Otxarkoagako udaltegian.
Expodistrito programa, Bilboko Udaleko Kultura Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, eta baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Ohikoa denez, erakusketak txandakatuz joango dira. Erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, barrutietako programazio jasotzen duen www.kulturabarrutik.eus edo www.bilbaokultura.euswebgunetan eta 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.