Epalza kalean eta Trenbideko etorbidean bizikletak alokatzeko gune berriak paratu dituzte

uriola.eus 2016ko urt. 15a, 12:47

Bizkaiko hiriburuan bizikletak hartu eta uzteko 29 gune daude jada. 2015ean egondako emaitza positiboak direla medio, Bilboko Udalak, bizikletak Bilboko txoko guztietara heltzeko asmotan, Epalza kalean eta Trenbideko etorbidean kokatu ditu mailegu zerbitzu berriak.

Gaur goizean aurkeztu dituzte udal ordezkariek bizikleten mailegurako gune berri biak. Epalza kalean eta Trenbideko etorbidean (Iralako igogailuaren ondoan) egongo dira bizikletak maileguan hartzeko eta uzteko gune berriak. Inbertsioa, 80.000 eurokoa izan da. 

Campo Volantinen bizikletak maileguan hartzeko eta uzteko gunean ere berrikuntza bat dago; izan ere, San Agustin eraikinera, udaletxe ondora, aldatu da-eta. 

Eko-totema datu zehatzak eskuratzeko

Euskadin jarri den lehenengo eko-totema ere martxan dago jada Campo Volantin pasalekuko bidegorrian. Eko-totema, sentsore baten bidez pasatzen diren bizikletak detektatzen dituen sistema da. Sistema horren bidez denbora errealean eman daiteke bizikleten zirkulazioaren datu zehatza, baita pasatu diren txirrindularien kopurua egiaztatu ere. Totemak pantaila bi ditu: batean egunean pasatzen diren bizikleten maiztasuna neurtzen da eta besteak urtean metatutako datuak eskaintzen ditu. 

Neurketa-sistemak eguna eta ordua erregistratzen ditu, baita Zazpi Kaleetarantz eta Deusturantz abiatutako bizikleten kopuruak ere. Herritarrak sentsibilizatzeko eta bizikleta hiri-garraio jasangarri erabilgarria dela agerian uzteko honen moduko sistemak badituzte Europako beste hiri batzuek; hala nola, Varbergek (Suedia), Fribourgek, Karlsruhek, Offenbourgek (Alemania) eta Bartzelonak.

Erabiltzaileak

2015ean 277.744 pertsonak erabili zituzten Bilbon Bizi bizikleten mailegu automatikoaren zerbitzua. Hauetako erabiltzaile asko 34-44 urte bitartekoak dira, berriz, 18 urtetik beherakoak ez dute ia zerbitzu hau erabiltzen. Azkenik, eta bitxikeria bezala, 90 urteko erabiltzailea da zerbitzuan adin aurreratuena duen pertsona.

Joan den urteko irailetik, Bilbon Bizi zerbitzuak doan deskargatzeko aplikazioa ere jarri zuen martxan: 'App Bilbon Bizi'. Honen bidez, erabiltzaileek puntu bakoitzean erabilgarri dauden bizikletak eta euskarriak zenbat diren ikus ditzakete, bai eta zerbitzuaren gorabeherekin lotutako beste informazio batzuk ere, besteak beste.