Polizia-txosten horren arabera, Kalezulo gaztetxean identifikatu zituzten mutil biak, euren aurkako salaketa aurkeztu baino egun batzuk lehenago. Gauzak horrela, eginbideak burutu zituzten udaltzainak eta atestatua bideratzearen ardura hartu zuen Ertzaintzako instrukzio-agentea deklaratzera deitzeko eskatu du fiskalak. Hala, Bilboko Instrukzioko 7. zenbakiko epaitegiko magistratuak epaiketa otsailaren 15ra (10:10ean) atzeratzea erabaki du, aipatutako polizia-agenteak deitu ahal izateko.
Bitartean, Bilboko Instrukzioko 1. zenbakiko epaileak emandako ebazpena aintzat hartzeko eta, horretan oinarrituta, gazte biak absolbitzeko eskatu du Iñaki Carro gazteen abokatuak; orain ia bost urte, epaileak arrazoia eman zien Kalezuloko gazteei, beste auzi batean. "Testuingurua berbera da", adierazi du defentsako letraduak. Oraingo honetan, 300 eurotik gorako isun bana jarri gura diete akusatuei. Carrok, ordea, epaiketa berri hau "Kalezulo gaztetxearen hustea eta itxiera agintzeko aitzakia" izan daitekeela uste du. Gune autogestionatua hartzen duen eraikina lehiaketara aterata dago; prozedura horren administratzaileak aurkeztu zuen gazte bien aurkako salaketa.