Hiru igogailu berri paratuko ditu Udalak Atxurin eta Deustun

uriola.eus 2016ko urt. 19a, 11:20

Hiru igogailu berri ezartzeko lanak hasi ditu gaur Bilboko Udalak. Deustuko Luzarra eta Ramon y Cajal kaleak lotuko dituen igogailua eta George Steer eta Atxuriko Ollerietagoiena kaleen igogailu makurtuak dira. Hiru elementu mekanikoak hamar hilabeteko epean egingo dituzte. Osotara, 2,5 milioi euroko inbertsioa bideratuko du Udalak.

Hiru jarduera berri hauek Aukera Guneen eta Baliabide Mekanikoen eta Segurtasuneko Bilboko Planaren (PAOMMA) barruan teknikoki zehaztutako lehentasunen barruan dago.

Deustuko elementu mekaniko berriaren bitartez Luzarra eta Ramon y Cajal kaleak lotuta geratuko dira. Lau eskailera-zati gainditzeko aukera emango du, Uribarriko C zeharkalean Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailak eskainitakoaren antzeko soluzioari esker. Igogailua erdian egongo da, eskailera-zati biren artean eta sartzeko arrapala txiki bat izango du. Alboetan panel itsuak izango ditu etxebizitzen pribatutasuna ez eragozteko. Luzarra kalea beheko igogailuaren beheko sarrerarekin lotzeko arrapala jarriko da. Igogailuak 6,3 metroko altuera gaindituko du eta bertikala izango da, nukleo metalikoarekin eta beirazko akaberarekin. Gehienez 13 lagun batera sartu ahal izango dira bertan. 

Igogailu honekin Deustuko behealdearen eta Arangoitiren arteko lotura amaituko da, orain egiten dabiltzan beste elementu mekaniko bati esker. Haren bidez, Ramon y Cajal eta Arangoitiko Arane kaleen artean dagoen 30 metroko aldea gainditzeko aukera dago. Igogailuak bi geraleku dauzka Deustu Barria urbanizazioaren egoiliarrek erabili dezaten. 

 

Atxuri 

Zazpikale, Solokoetxe eta Santutxu auzoen artean dago Atxuri auzoa, eta orografia malkartsua dauka. Horrek baliabide-mota desberdinak konbinatu behar izatea ekarri du, guztientzako irisgarritasuna bermatu ahal izateko. Gaur hasi dira igogailu makurtu bien obrak. Horietako batek 90 metroko distantzia egin eta 18 metroko altuera gaindituko du, Enkarnazio plazaren -supermerkatuaren aldean- eta George Steer kaleko nahiz Basobideko etxebizitzen artean. Kabina koadroa dauka eta 25 lagun barne hartu ditzake. Tarteko geldialdia izango du kiroldegiaren aldean. 

Beste igogailuak 50 metroko distantzia egin eta hamabi metroko altuera gaindituko du, Begoñako Errepublikatik Ollerietagoienaraino eta eskaileren erdialdean sartuta ibiliko da. Hiru geraleku izango ditu eta gehienez 25 lagun eraman ditzake. 

Igogailu biekin eta, gaur egun, kiroldegiaren nahiz estalitako jokalekuaren eta Begoñako Errepublikaren artean egiten dabiltzan elementu mekanikoarekin erabateko irisgarritasunarekin jende guztia heldu ahal izango da Enkarnaziotik Santutxuko behealdera.

 

Eta gehiago

Aipatutako igogailuez gain, 2016 eta 2017 bitartean Udalak beste azpiegitura batzuk ipini nahi ditu: elementu mekaniko bat Atxurin, Ollerietagoienako atarietarako sarbidea errazteko asmoz; Miribillan igogailu bidezko lotura bat; eta igogailu makurtua Santutxun Laurencin Markesa kalean.