Horren erakusle TransMex saila dugu; jaialdiko programazio buruak, Roberto Castonek, azaldu duenez "mexikar queer zine berriaren azpigenero ere dei diezaiokegunaren azken ekoizpenak" eskainiko dizkigu sail horrek. 4 film luzek osatzen dute ―2 fikziozkoak eta 2 dokumental―, eta otsailaren 23tik, asteartetik hilaren 26ra, ostirala proiektatuko dira doan BilbaoArten. Nabarmentzekoa modukoa da, sari ugari jaso dituen Rigoberto Perezcanoren Carmin Tropical lana. Honetan muxe bat da protagonista; muxea zapoteken kulturan kolonaurreko garaitik existitzen den figura da eta emakume transgeneroei izena ematen die ofizialki. Made in Bangkok dokumentala ere aipatzekoa da, Morganaren istorio harrigarria kontatzen duena. Morgana mezzo-soprano mexikarra da, eta sexua berriz egokitzeko ebakuntza lortzeko, Tailandiako edertasun lehiaketa bat irabaztea ikusten du aukera bakarra.
Horrekin batera, dagoeneko ezagutzen ditugu hasiera eta amaierako filmak; otsailaren 22tik eta 29ra bitartean 12 fikziozko film luze eta 7 dokumental lehiatuko direa. Zinegoaken hasiera galan Kanadako Closer Monster filmaren nazioarteko estreinaldia izango dugu, Stephen Dunn zuzendari gaztearen lehen lana. Kanadako Film Onenari Saria jaso zuen Torontoko festibalaren azken edizioan, eta urteko LGTB film onenetakoen artean sailkatu du Vice aldizkariak. Bere herritik alde egiteko irrikan dagoen gaztearen istorioa kontatzen du; erabat isolatuta sentitzen da herrian, eta bitartean, berak sortutako fantasiazko munduan bizitzea erabakitzen du.
Amaiera galan Ventura Ponsen azken filma proiektatuko da, El virus de la por (Beldurraren Birusa). Josep Maria Miroren Arkimedesen Printzipioa antzezlanean oinarritzen da, eta igeriketa irakasle batek negarrez ari zen ume bati musu eman diolako sortzen den egoera kontatzen du. Ventura Ponsek Zinegoaken Ohorezko saria jaso zuen 2005ean eta lehiaketara dakarren bere hirugarren filma dugu hau, Barcelona (un mapa) eta Ignasi M. lanen ondoren.