Artxandako funikularrak bidaiari kopuruaren marka berria lortu du mendeurrenarekin batera

uriola.eus 2016ko urt. 21a, 10:00

Amaitu berri den urtean, 2015ean, Artxandako Funikularrak urtean garraiatutako bidaiarien kopuruaren marka berria jarri du. 728.921 erabiltzaile egon dira, aurreko urtean baino % 19 gehiago. Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasunaren Politiken, Etxebizitzaren eta Garapen Osasungarriaren koordinatzailearen hitzetan azken 10 urteetan urtez urte erabiltzaile-kopurua handiagoa izatearen joera berretsi du funikularrak.

Hark esan duenez, 2015ean batez ere Artxandako Funikularraren Mendeurreneko ekitaldiengatik bidaiari gehiago egon diren arren, 2016erako aurreikuspenak bidaiari-kopuru horri eustekoa dira.

Funikularrak harrera ona du erabiltzaileen aldetik. Azken urteotan gorantz joan da bidaiari-kopuruari dagokienez.  2013an, egunean batez beste, 1.549 bidaiari egon ziren; 2014an 1.681 eta 2015ean 1.997. 

2015eko azken hilabeteetan urte guztian izandako kopuru onei eutsi die funikularrak. 2014arekin alderatuz Mendeurreneko urteko azaroan % 39 hazi da bidaiari-kopurua eta abenduan % 52. Bidaiari gehien izan duen hilabetea abuztua da; izan ere, 87.255 bidaiari egon ziren 2015eko abuztuan.

2015ean Udalak zenbait ekitaldiz Artxandako Funikularraren Mendeurrena ospatu du. Ekitaldi nagusiena urriaren 7an izan zen; zehazki 12:20an egindako bidaia; izan ere, 1915eko urriaren 7ko ordu berean inauguratu zuten ofizialki Castaños eta Artxanda lotzen dituen trena.

Horrez gain, jai-ekitaldi asko egon dira; esate baterako, kalejiak eta erromeria, hitzaldiak, erakusketak, margo eta argazki-lehiaketak. Castañoseko, Uribarriko eta Artxandako auzo-elkarteek eta kultur elkarteek antolatu dituzte horiek, Udalaren Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailaren laguntzaz, funikularraren mendeurrena ospatzeko. Artxandako eta Castañoseko ostalariek ere laguntza eman dute.

Funikularrak ere doako bisita gidatuen programa antolatu du, instalazioak ikusteko. Otsailaren 6tik urrira arte, zapatu guztietan, 11:30ean izango da. Urrian inauguratu zuten funikularra eta horrekin bat etorrita amaituko da bisita gidatuen programa.

Gehienez 30 pertsona egongo dira talde bakoitzean. Aldez aurretik erreserba egin behar da udalaren 010 / 94 401 00 10 telefonora deituta, 08:00etatik 20:00etara.

Lanegun guztietan 07:15etik 22:00etara bitartean funtzionatzen du funikularrak. Jaiegunetan 8:15etik 22:00etara bitartean. Udan (ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean) 23:00ak arte.

Maiztasuna 15 minutukoa da, bidaiari asko pilatuta egon ezik. Horrelakoetan maizago ibiltzen da geltokietan bidaiarien pilaketak kendu arte. 

Bidaiari-kopurua