Zabalik da kale, bide publiko eta plazetarako izendapen berrietan parte hartzeko epea

uriola.eus 2016ko urt. 25a, 13:12

Udalak partaidetza prozesuari hasiera emateko, herritar eta alderdi politikoek Aita Remegio Vilariño kalearen izendapen berria aukeratu beharko dute. Gaurtik, hilak 25, otsailaren 10era, herritarren proposamenak jasoko dira.

Juan Mari Aburto Alkateak eskatuta, Udalak bilbotarrei aukera emango die hiriko kale, bide publiko eta plazetarako izendapen berriak proposatzeko.

Herritarrentzako partaidetza prozesua gaur, astelehena, jarri da eta otsailaren 10era arte luzatuko da. Proposamenak posta elektronikoz participación@ayto.bilbao.eus helbidera bidali behar dira, edo idatziz aurkeztu San Agustin Eraikineko eta barrutietako Udaltegietako Herritarren Arretarako 10 bulegoetako Erregistroetan. 

Horretarako, proposamenaren egilearen identifikazioa, emandako izendapena eta izen horren azalpena edo jatorria adierazi behar dira. Izendapenak bildu ostean, Udalbatzak horiek aztertu eta zerrenda bat prestatuko du. Hori izango da Bilboko kale, bide publiko eta plazei izendapen berria emateko oinarria.

Prozedura erraza

Parte hartzeko prozesu honetan, herritarrez gain, alderdi politikoak ere egongo dira, Alkateak asteazkenean alderdietako bozeramaileei jakinarazi zien moduan.

Memoria Historikoaren Legea dela eta, Bilboko kale-izendegia aztertu da. Lehendabizi, hurrengo aldaketa biak egingo dira: Espainiako Printzeak zubia izenaren ordez La Salve Zubia proposatu dute, izan ere, jendeak hala ezagutzen du. Bestalde, Aita Remigio Vilariño kalearen izena aldatuko dute. Honetan Udalak zenbait proposamen eman ditu:

- Julita Berrojalbiz Berrojalbiz. Irakaslea, Bizkaiko ikastola-mugimenduaren sustatzailea eta Loiuko Lauro Ikastolaren eratzaileetakoa. Ajangizen (Bizkaia), 1923ko otsailaren 19an jaio eta Bilbon hil zen, 1998an.

- Benita Asas Manterola (Donostia 1897- Bilbo 1968). Irakaslea. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko Ekintzaile Feminista.

- Adelina Mendez de la Torre (Asturias 1871 – Bilbo 1960). Bilboko irakaslea eta eskolako zuzendaria. Bilboko lehenengo eskola-jantokiaren sortzailea eta eskola-osasunaren nahiz hainbat berrikuntza pedagogikoren sustatzailea.

- Juanita Mir Garcia (Iruñea 1905 – Bilbo 1937). Kazetaria eta ipuin, kontakizun eta antzezlanen idazlea. 1937an fusilatua, "subertsio gorri eta separatistaren propagandista" izatea eta "Movimiento" delako erregimenaren aurkako ideiak zabaltzea leporatuta.

- Bizenta Mogel Elgezabal (Azkoitia 1782 – Bilbo 1854). Lehenengo euskal emakume idazletzat, euskal literaturara ere fabularen generoa ekarri zuen lehenengo idazletzat eta euskarazko Ume eta Gazte Literaturako lehenengo egiletzat hartutakoa.

Udalak proposatutako bost izen horiez gain, bilbotarrek eta alderdi politikoek emandakoak egongo dira.