FITUR azokan Udalak auzkeztutako LGTB kolektiboari zuzendutako gida baztertu du kritiken ondorioz

uriola.eus 2016ko urt. 25a, 08:35

Bilboko gida turistiko honetan, Bilbo LGTB (lesbo, gay, trans, bisexual) kolektiboarentzat hiri erakargarri bezala aurkeztu nahi izan du Udalak. Oposizioak aldiz, gogor kritikatu du gida kolektiboa era "iraingarrian" tratatzeagatik. 

"Bilbo, Kantabriar Erlaitzeko hiririk LGTB Friendly-ena da. Konplexurik gabe esaten dugu, hemen berdin duelako eskutik nori eusten diozun pasieran ibiltzeko edo nor musukatzen duzun Bilboko Gran Vian". Hori izan da gida turistikoak erantsita zuen adierazpena. Xabier Ochandianoren hitzetan -Garapen Ekonomikoaren zinegotzia- kolektiboaren arreta deitzeko "moldaketa txikiak" ere txertatu dira. 

Gida turistikoaren berri ezagutu bezain laster EH Bildu eta UdalBerri oposizioko bi alderdiek gida errefusatu eta hau merkatutik kentzeko eskaera egin dute. 

Oposizioaren salaketen eta kolektiboaren haserrearen ondorioz, udal gobernuak LGTB kolektiboari zuzendutako gida turistikoa erretiratu du. Hortaz, EH Bildu Bilbok eta UdalBerrik poza azaleratu nahi izan dute. EH Bilduko zinegotziak, Bruno Zubizarretak esan duenez, "gida horrek kolektiboa estereotipoen bitartez deskribatzen zuen eta kolektiboa modu merkantilista eta helburu ekonomikoekin erabiltzen zuen". 

Beste alde batetik, UdalBerrik ere kanpainaren aurkako iritzia azaleratu eta kanpainaren bazterketa ospatu zuen. "Jestu hauen bitartez LGTB kolektiboaren eskubideen aurrean aurrerapausoa emateko gogoa dagoela erakusten da", aipatu du Carmen Muñoz UdalBerriko bozeramaileak.

Honetaz gain, Zubizarretak azpimarratu du "EH Bilduk lan egingo duela Bilbo LGTB kolektiboaren eskubideak kontuan hartu eta errespetatzen dituen hiri bat izan dadin". Hori lortzeko, "ezinbesteko urratsa" aipatu du; urtarrileko Udalbatzarrean aurkeztu den homofobiaren kontra lan egiteko proposamena.