Inauteri egunetan zehar kontzertuak, dantza ikuskizunak, dastaketak, era askotako lehiaketak eta haurrentzako jarduera desberdinak egongo dira.
Egitaraua inauterien ospakizunaren aurreko asteburuan hasiko da. Hain zuzen ere, datorren larunbatean, hilak 30, arratsaldeko 19.30ean Bilborock Aretoan ospatuko den Koplatxoen Lehiaketarekin.
Hurrengo egunean, igandea, hilak 31, eguerdiko 12.00etatik aurrera Inauterietako pontxe eta torrada lehiaketa izango da Plaza Berrian. Ondoren, otsailaren 4an, osteguna, 20.00etan, kontzertu ezberdinak egongo dira Alde Zaharrean.
Haurrentzako programazioa
Hurrengo egunean, ostirala, hilak 5, haurrentzako programazioaren ekintza nagusiak hasiko dira. Bilboko eskola eta ikastolen desfilea izango dugu, Albia Lorategietan hasi eta Plaza Berrian txokolatada handi batekin amaitzeko.
Txikienek eurentzako programazio berezia izango dute larunbata eta igandean ere. Larunbatean, hilak 6, Gargantua, puzgarriak eta haurrentzako tailerrekin gozatu ahal izango dute Zabalguneko eraikinean bai goizez, bai arratsaldez. Zabalguneko Eraikinak Mama Creak zuzendutako 'Munstruo kabaret' familientzako ikuskizunaren estreinaldia hartuko du. Hainbat saio egongo dira: bat goizean, eta beste bi arratsaldean. Larunbatean, eguerdiko 12.00etatik aurrera, nahi dutenek Plaza Biribilera hurbildu eta dultzaina eta banda-doinuz lagundutako Erraldoiekin gozatu ahal izango dute.
Igande goizean, otsailak 7, eguerdiko 12.00etatik 14.00etara bitartean, Buruhandi eta Erraldoiak izango dira Areatza eta Arriaga Plazaren inguruetan txiki eta handientzat.
Farolin eta Zaranbolasen atxiloketa eta epaiketa
Aurten, Jai Batzordeak Bilboko Aratusteen pertsonaiarik herrikoenak diren Farolin eta Zaranbolas, Ane Zabala kazetaria eta Galder Perez aktorea eta gidoilaria izatea erabaki du. Hauen epaiketa otsailaren 5ean, ostiralean izango da Plaza Berrian 19.30ean.
Farolin eta Zaranbolas Bilboko Aratusteen jatorrizko sinbolo bereizgarri bakarrak dira. Farolin bilbotarra da –ez da ezinbestekoa Bilbon jaioa izatea-, eta izugarri nabarmendu izan da bai bere lanean edo jarduera publikoan, beti ere botxokoa izateaz nabarmendu eta bere lelorik nagusiena Semper Plus Ultra (Beti Haratago) izan daitekeelarik. Zarambolas bilbotar gibel-handia da, ezer ere eragin ez eta bizitza aldatuko ez diona. Bizimodu onaren buruzagi, eta bere bizimodua Carpe Diem esaeran laburbiltzen duena.
Epaiketaren ostean, Farolin eta Zaranbolasen iseka izango da kopla eta dantzekin Santiago Plazan Beti Jai Alai dantza taldearen eskutik eta gaueko 20.30ean Aretodantzak izango dira Plaza Berrian Bilbao Sozial Dantzaren eskutik.
Otsailaren 6an, Bilbo ekitaldi ezberdinekin eta mozorro lehiaketarekin beteko da
Bilboko kaleak jarduerez beteko dira Inauteriak ospatzeko otsailaren 6an, larunbatean. Udala eta Bilboko Konpartsen arteko lankidetzari esker era guztietako jendearen gustukoak izango diren inauteriak eskainiko dira Bilboko gune desberdinetan. Hainbat kontzertu, dantza ikuskizun, Bilbo kantari, umeentzako ekitaldi, soinu-talde, erraldoiak eta nola ez, Inauterietako Mozorro Lehiaketa izango dira. Epaimahaia Plaza Biribilean jarriko da arratsaldeko 17.00etatik aurrera, talde desberdinek arratsaldean zehar euren mozorroak erakutsi ditzaten. Horrez gain, epaimahai ibiltari bat ibiliko da Kale Nagusian, Moyua Plazan, Astarloan, Diputazio kalean eta Zabalgune ingurutik. Aukera egongo da ere, 17.30ean, Plaza Biribilera Sardinarekin selfie bat egiteko.
Indaba lehiaketa
Otsailak 7, igande goizean, Indaba Lehiaketa egingo dute Plaza Berrian. Horrez gain, goizean zehar, Buruhandi eta Erraldoiek giroa alaituko dute, eta arratsaldez, 18.30ean, ikuskizun bat izango dugu Beti Jai Alai Dantza Taldearen eskutik.
Udal Musika Bandaren kontzertua
Beste urte batez, BilbaoMusikak familia osoarentzat bereziki pentsatuta dagoen Bilboko Udal Musika Bandaren kontzertua eskainiko du astelehenean, otsailak 8, 12.30ean, Plaza Berrian.
Iñaki Urkizu Bandaren zuzendari ordearen batuta azpian eta Patxi Gonzalez aktore eta abeslariaren parte-hartzearekin, ekitaldiaren maisu izango dena, taldeak bilbainadez, mexikar abestiez edo Natxo de Feliperen gai ezagunez osatutako errepertorio zabala interpretatuko du.
Ekitaldia estilo desberdin eta musika tradizionalen ibilbide moduan antolatuta dago eta Patxi Gonzalez lan bakoitza aurkezten joango da publikoa inplikatuz.
Egitarauak ordu beteko iraupena izango du gutxi gorabehera eta Malandoren ¡Lastima! abestiarekin hasiko da, Schneidersen Cielito lindo, Natxo de Feliperen Furra Furra, Sebastian Iradieren La paloma habanerarekin eta Aita San Antonio ezagunarekin jarraituko du. Ondoren, Panzeri eta Masqueroniren Una casita en Canada lanaren txanda izango da; Xabier Leteren Xalbadorren Heriotzean, Esos altos de Jalisco korridoa; Beethovenen Las ruinas de Atenas turkiar martxa eta Gregorio Nadalen Bilbao y sus pueblos jarraituko dute Athleticen ereserkiarekin amaitzeko.
Astelehenean, hilak 8, Bilboko Udal Bandak kontzertua eskainiko du familientzat Patxi Gonzalekin Plaza Berriko karpan 12:30etan. 17.00etatik aurrera, Plaza Berrian puzgarriak, jokoak eta haurren lantegiak egongo dira.
Sardinaren erreketa
Otsailak 9, asteartea, 19.30etatik aurrera, inauterietako unerik tristeena izango da; sardina erretzearen unea izango da. Sardinaren gorpua Plaza Berritik Arriaga Antzokiko plazaraino eramango da. Ikusleek segizioarekin batera egin ahalko dute ibilbidea Alde Zaharretik Arriagako Plazaraino lutoz jantzita eta kandelak eskuetan daramatzatela. Arriaga Plazan izango den antzezlan batek emango dio amaiera Aratusteei 20.00etan.
Integrazio neurriak
Bilboko Udaleko Jaietako Sailak aurrera dihardu minusbaliotasunen bat daukaten guztiei jaietan parte har dezaten bermatzeko. Horrela jarduera guztiak egokitzen saiatuko da ahalik eta eskuragarriagoak izan daitezen. Horrez gain, jai egitarauak Braillez aurkitu ahalko ditugu Udaleko Informazio Bulegoan, ONCEren egoitzan (Perez Galdos, 11) eta Bilboko Turismo bulegoetan: Plaza Biribila, Abandoibarra 2, Aireportua, La Bolsa Udal Zentroa eta Barrainkua Udal Zentroa. Programa honetan inauterietako kartelaren egileak berak egindako azalpen idatzia bilduko da Braillera itzulirik. Horrez gain, Farolin eta Zarambolasi egindako epaiketan zeinu bidezko interpretaria izango da.