Bandak txistu, silbote eta atabal musikarekin lagunduko ditu Elai Alai taldeak jendarteratuko dituen dantzak. Bizkaiko eta Gipuzkoako dantzak eskainiko dituzte batez ere. Horien artean, Gorulari dantza, Zinta dantza, Launangoa, Ezpata joku nagusia edo Markina-Xemeingo Ezpata-dantza. Gure txistulariek, Raimundo Sarriegi konposatzaile donostiarraren Kontrapasa eta Minuetoa bezalako musika piezak ere interpretatuko dituzte.
Elai Alai dantza eta musika talde beterano eta ezaguna izango da Bilboko Txistulari Bandak asteazken honetan eskainiko duen kontzertuko gonbidatu berezia. Elai Alai taldea 1962an sortu zen, herri ekimenari esker eta Portugaleteko tradizioari jarraiki. Harrezkero, Elai Alai elkartearen nortasuna eta itzala sendotu egin dira, bai Euskal Herrian, bai kanpoan ere, apalki baina etengabe jardun duelako Euskal Herriaren folklore eta kultura tradizionala berreskuratu, gorde eta zabaltzen. Nazioarteko Jaialdi eta emanaldi ugaritan aritu da gonbidatuta taldea, arrakasta handia lortuta beti, bai entzuleen artean, bai hedabideetan ere, eta entzute handiko sariak eskuratuz. Euskal Herri osoko dantzak hartzen ditu taldeak bere errepertorioan, hala nola, Bizkaiko Dantzari-dantza, Gipuzkoako Ezpata-dantza, Arabako dantzak, Nafarroako folklore aberatseko dantzak, eta baita Lapurdi, Benafarroa eta Zuberoako inauterietako konpartsak.
Bilboko Udal Txistularien Banda munduko danbolinteroen elkarte profesional bakarrenetakoa da. Gaurko Txistulari Bandak 2004ko urtarrilean ekin zion ibilbideari, eta urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Era askotako eszenatokietan eskaintzen dituzten emanaldien aniztasunagatik. Azpimarratzekoa da Bilboko Musika Bandarekin egindako mundu mailako estrenaldia, Gregory Fritz amerikarraren 'Euskal Dantzak' 2004an. Bandak bere ibilbidean baditu diska batzuk kaleratuak: 2004an 'Bilboko Udal Txistulari Banda'; 2006an Alos Quartet Harizko Laukotearekin 'Harizko Txistua' izenburua zuena. 2007an 'Hala ere' musikari ospetsuen laguntzaz, hala nola, Kepa Junkera, Pello Ramirez, Joxan Goikoetxea eta Aitor Furundarena, besteak beste. 2010ean 'Kantari Gabonetan' diska Leoiako Kantika Koralarekin, 2014n 'Plazan' eta azkena, 'X urte, hamaika lagun' CD/DVDa.
Udal Txistulari Bandaren 2016ko kontzertu gehiago
- Otsailak 3, asteazkena, 20:00etan: 'Musikaren Koloreak' (Gonbidatuak: Izaskun Andueza, Asier Agirre, Xabier Olazabal, Edurne Errea, Eduardo Sola, David Delgado eta Alvaro Santiago). Euskalduna Jauregiko A1 Aretoa.
- Otsailak 17, asteazkena, 20:00etan: 'Barroko Garaiko Musika eta Dantzak'. Txistu eta piano errezitala. Bilboko Txistulari Banda eta Mariano Santamaria. Euskalduna Jauregiko A3 Aretoa.
- Martxoak 1, asteartea, 20:00etan: Kantaldia Josu Zarate, Mariano Santamaria eta Amaiur Cajaravillearen laguntzaz. Euskalduna Jauregiko A3 Aretoa.
- Martxoak 23, asteazkena, 20:00etan: 'Zu zeu txistulari'. Estreinaldia. Joserra Gutierrez konposatzailearekin proiektu berria. Euskalduna Jauregiko A3 Aretoa.