Kopuruen gizartean bizi gara, eta zenbakiek duten indarra ere aintzat hartu beharreko kontua da. Azken hamarkadotan milaka lagunek euskaldundu dute euren burua euskaltegi batean, eta egun euskaraz bizi dira. Ikerketek baieztatu dute gure gizarteak 300.000 hiztun berri irabazi dituela eta zifra horretako heren bat berriz, euskaltegietatik atera dela.
Horien artean Juanma Iturrondo lasartetarra dago. Juanma duela 20 urte baino gehiago ikasi zuen euskara AEK-ko euskaltegi batean, eta berauk esan duenez, "euskarak askatasuna eman dit", eta horrenbestez, egun euskaraz bizitzeko hautua egin du. Erabiliz haren maila hobetzen joan da, eta Lasarte-Orian nahiz Usurbilen -oraingo bizitokia- euskaldun bezala bizi da.
Harentzat euskara etxeik kanpo ikastea zen aukera bakarra eta AEK aukeratu zuen horretarako, honen helburuekin bat egiten zuelako; ikastea eta erabiltzea. "Ondo edo gaizki hitz egin, berdin da. Hitz eginez gehiago ikasten da. Ez zitzaidan batere kostatu. Askotan zerbait esaten nuen eta gaizki zegoela konturatzen nintzen eta saiatzen nintzen hurrengoan ondo esaten", kontatu du Juanma Iturrondok.