BBK Live Jaialdiak beste izen batzuk gehitu dizkio 2016. urteko zerrendari. Asteartean Arcade Fire kartelburua izango dela iragarri ondoren, elkarri oso lotuta dauden Australiako beste bi banda Bilboko jaialdira etorriko direla jakinarazi dute: Tame Impala eta Jagwar Ma. Biek uztailaren 7an, 8an eta 9an Kobetamendin egongo dira, eta Tame Impalak, gainera, jada iragarritako Foals taldearekin hasiera emango dio jaialdiaren egunetako bati.
Lehenengo extended play (EP) lanarekin Tame Impala taldeak Australiako publikoaren arreta bereganatzea lortu zuen, eta, bestalde, The Black Keys eta MGMT banden gonbidatua izan da Australiako Perth hiriko kontzertuetan. Alabaina, Innerspeaker lana izan zen taldearen debuta, australiarren izena nazioarteko mapan jarri zuena. Pitchfork, NME edo Rolling Stone argitalpenek, besteak beste, 2010. urteko diskorik onena zela uste zutela esan zuten, eta geroago kaleratu dituzten bi diskoekin ere gauza bera gertatu da. Hirugarren diskoa, azkena, iazko uztailean jarri zuten salgai, eta lan horri esker taldeak 2015eko musika-zerrendetako lehenengo postuak okupatu zituen berriz ere. Mundu osoan agortu zaizkie sarrerak, eta Grammy sarietan izendatu dituzte bigarren aldiz, Disko Alternatiborik Onena kategorian.
Beste alde batetik, Jagwar Ma bandak agertokia The XX eta Foals taldeekin partekatu du, eta, gaur egun, Tame Impalarekin batera bira egiten ari da Europa osoan zehar. Arrakasta handia izan dute eta kontzertu askotan 'Sarrerak agortu dira' kartela eskegi behar izan dute. Howlin debutean, ez dira rock, dance eta indie pop estiloak falta. Hurrengo diskoa udaberrian merkaturatuko dute, eta esku artean dutela iritsiko dira uztailean Bilbao BBK Live Jaialdira. Jagwar Ma taldearen lana ez da oharkabean geratu nazioarteko musika-argitalpen nagusientzat. 2013. urtean, NME aldizkariak Oasis taldea agertokietara itzultzeko aukerarik ote zegoen galdetu zion Noel Gallagher musikariari, eta artistak hauxe erantzun zuen: “Oasiseko kideekin batzen naizenean, hain gaude lanpetuta Jagwar Ma taldeari buruz hitz egiten, ez dugula taldea berriz batzeko aukerari buruz hitz egiten”.
2016ko uztailaren 7an, 8an, eta 9an Kobetamendin besteak beste, talde hauek egongo dira: Tame Impala, Jagwar Ma, Arcade Fire, Pixies, Foals, New Order, M83, Hot Chip, Years & years, Jose Gonzalez, Father John Misty, Courtney Barnett, Wolf Alice, Was eta Hola a todo el mundo.
Bonuak eta prezioak
Bonuaren eskaintza: 110€ + 6€ gastuak
Bonuaren eskaintza + kanpina: 120€ + 6€ gastuak
Hauek, www.bilbaobbklive.com eta Kutxabank Sarean (webgunean eta zerbitzu anitzeko kutxazainetan), Ticketmaster, 902 15 00 25, FNAC, Carrefour, HalcónViajes bulegoetan,www.ticketea.com, www.entradas.com, eta www.atrapalo.com atarietan eskuratu daitezke.
Bizkaiko Kultur Txartela
Hirugarren urtez jarraian, Bizkaiko ikusleek B motako Bizkaiko Kultur Txartela erabili ahal izango dute Bilbao BBK Live jaialdiko bonuak erosteko. Bizkaiko Kultur Txartela BBK zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dute Bizkaian, 2015eko abenduaren 10etik 2016ko urtarrilaren 27ra, edo agortu arte. Erabiltzeko epea 2015eko abenduaren 10ean hasi eta 2016ko urtarrilaren 30ean amaituko da. Prezioa 28 euro da, eta 40 euroko erosketa-balioa du. Bizkaiko Kultur Txartelak metatu ahal izango dira, baina balioa ezin izango da zatitu.