Udalak urteko programazio kulturala aurkeztu du kultur eta aisialdiko agendan, 'Kulturak edertu egiten zaitu' lemapean, kultura bilbotar guztiei eta 2016an uria bisitatuko duten pertsona guztiei hurbiltzeko asmoz. Neurrira egindako jantzi horrek kulturako eta aisialdiko joera guztiak biltzen ditu, esaterako antzerki, zine eta musika jaialdiak, literatur lehiaketak eta jardunaldiak, jarduera artistikoak, zabalkundekoak eta ondarea sustatzeko jarduerak, ikastaroak eta kultur erakundeen helbideak.
Agendak "ezin hobeto sentiarazten duten joerak" eskaintzen ditu eta kultura eta aisia uztartzen ditu sei atal handitan banatuta eta modari keinu eginik: 'Bilbo, sormenezko ibiltokia', 'Abangoardia eta tradizioa konbinatzen dituen desfilea', 'Jaialdiak, goi-mailako joskintza Bilbon', 'Ezagutza beti dago modan', 'Kulturako aisiaren erakusleihoa' eta 'Barruti bakoitzak bere bilduma dauka'.
Neurrira egindako jantzi honen lehen atalean "Bilbo, sormenezko ibiltokia" nabarmentzen da. Bilbo modako hiria dela gogorarazten digute, ekoizpenera eta sorkuntzara irekia. Gure kaleak eta Bilbo osoan dauden kulturgune desberdinak era guztietako adierazpen artistikoetarako erakusleihorik onena dira, ume eta gazteentzako eskaintza barne.
Atal horretan daude 'Amphytrion' (arte-sorkuntzako proiektua) eta 'BideOtik' (bideo-sorkuntzako urteko zikloa) programak, biak Azkuna Zentroan; BilbaoEszena, BilbaoMusika, BilboRock, Arteshop Bilbao, BilbaoArte Fundazioa eta Bilbao Bizkaia Film Commission kulturguneetako jarduera eta eskaintza; eta azkenik literatur lehiaketak, kultur tailerrak, haur antzerkiko jarduerak, dantza tradizionalen ikastaroak ikastetxeetan eta Gabonak Arte, besteak beste.
'Abangoardia eta tradizioa konbinatzen dituen desfilea' atalean proposamen tradizionalenak eta berritzaile eta apurtzaileenak biltzen dira, bertsolaritza edo bilbainadak eta dantza eta antzerki modernoaren ikuskizunik garrantzitsuenak. Horrela, bada, azpimarratzekoak dira Udal Musika Banda eta Txistularien Bandaren eskaintza eta 'Bilbao Izan', 'Dantza Plazetan' eta 'Dantzak Eskoletara' programak. Beste espazio batzuk ere sartzen dira hemen: Basque Fest-Basque Lands Festival, Bilbainaden Lehiaketa, Udaberriko Bertso Saioak, BLV-Art, Bilbao Antzerki Dantza (BAD), Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdia eta Azplay’16 Bideo-joko Independenteen Nazioarteko Lehiaketa.
Jaialdiak dira uriko kultur panoramako aposturik handienetako bat. 'Jaialdiak, goimailako joskintza Bilbon' atalean, nazioarteko jardueren eta sona handiko jardueren zerrenda dator, horiekin agertzen baita Bilbo munduan kulturaren goi-mailako joskintzako ezinbesteko leku modura. Arriaga Antzokia, Campos Antzokia eta Aste Nagusia ikur garrantzitsuak badira, beste jarduera batzuk ere aipagarriak dira: FANT, Zinebi, Gutun zuria, Fun & Serious Games, Mendi Film Festival, Bilboko Kalealdia, Bilbao BBK Live, Sail in Festival, Film Sozialak 2016 Bilbao, BilbaoPoesia, Txotxongilo Jaialdia edo Egunik Laburrena, film laburrak aldarrikatzen dituena.
Herritarren kultur garapena ezinbestekoa da sormena eta kulturarako konpromisoa sustatzeko. Horretarako, Bilboko Udalak zenbait argitalpen argitaratzen ditu, jarduera literarioak eta zientifikoak antolatzen ditu eta literaturaren inguruko zenbait foro eta solasaldi bultzatzen ditu. Horretaz arduratzen da 'Ezagutza beti dago modan' atala, bertan biltzen baitira kulturgune hauetako punturik garrantzitsuenak eta eguneratuenak: Bilboko Udal Artxiboa, Bidebarrieta Kulturgunea, Bilboko Udal Liburutegien Sarea, Azkuna Zentroko Mediateka BBK. Liburu-azokak ere jasotzen dira, besteak beste Liburuaren Nazioarteko Eguna, Liburu Berrien Azoka edo Antzinako eta Bigarren Eskuko Liburuen Azoka.
2016ko kultur programazioa, bere testuinguru osoan, aisialdi kulturaleko erakusleiho handia da. Baina, herritar guztiek kalean proposamen kultural desberdinekin ondo pasatzeko jardueren artean hauek dauzkagu: desfileak, kontzertuak, proiekzioak edo tailerrak, Olentzerori ongi etorria emateko kalejira, Errege Magoen Kabalgata, Aratusteak, Bilbao Art District edo Azkuna Zentroko Zinemateka.
Bilbo osatzen duten barrutiek badaukate zeresanik uriko programazio kulturalean. Azken atalean, 'Barruti bakoitzak bere bilduma dauka' izenekoan, Bilboko auzoetako eta barrutietako programazio espezifikoa agertzen da: Bilbo Musika Barrutia, Bilbo Ikus-entzunezko Barrutia, Bilbo Barruti Eszenikoa, Bilbo Aisia Barrutia, Kultura Kalez Kale eta Kultur Gabonak.
Kasu guztietan, ekitaldi bakoitza noiz eta non egingo den zehazten da. Gainera, argitalpenei buruzko informazioa eta diru-laguntzak eskatzeko lerroei eta dotazioei buruzko informazioa ematen da.
Urteko programazioaren datozen edizioak, eta Bilbao Kulturako hileko agenda eguneratua eta zabala posta elektronikoz jaso nahi dutenek, helbide honetan eska dezakete: agendakulturala@bilbao.eus