Zabalik dago gazteentzako Harrapazank programan izena emateko epea

uriola.eus 2016ko urt. 29a, 09:10

Euskara eta Hezkuntza Sailak, Topagunearekin (Euskara Elkarteen Federazioa) batera, abian jarri du aurten ere gazteentzako Harrapazank programa. Euren talentua eta sormena erakutsi nahi duten 9tik 18 urtera bitarteko gazteek otsailaren 5era arteko epea dute izena emateko www.harrapazank.com web orriaren bidez. Web horretan fitxak bete eta gurasoen berariazko baimena erantsi beharko dute.

Harrapazank Eszena atalak kategoria bi ditu: Harrapazank Junior, 9-13 urteko gazteentzat, eta Harrapazank Senior, 14-18 urtekoentzat. Castinga egingo da kategoria bietan, antzerkian, musikan, dantzan, monologoetan, txiste-kontatzen, bertsotan eta abarretan gazteek euren talentua erakutsi dezaten. Castingaren ostean, kategoria bakoitzean 10 talde aukeratuko dira apirilean egingo diren azken galetan erakutsi ditzaten euren trebeziak. 500 euroko sari bi egongo dira kategoria eta gala bakoitzeko.

Bestalde, argazkigintzako, bertso-rapeko, bitxiak diseinatzeko, Dj aritzeko, grafitiko, zirkuko edo Smartphonaren bidez bideoak egiten ikasteko tailerrak egingo dira 11-18 urteko gazteei zuzendutako Sortuzank programaren barruan.

Programa horietan parte hartzeko izena eman behar da www.harrapazank.com web orriaren bidez otsailaren 5a (barikua) baino lehenago.