Karim Aïnouz zinegile eta artista bisual brasildar hau, Viajo porque debo, vuelvo porque te amo filmarekin La Habanako festibalean Fipresci Saria jaso zuena. Zine latinoamerikarraren barruan LGTB gaia jorratzen duten lan giltzarrien egilea dugu, besteak beste, Madame Satan (Gold Hugo Saria Chicagoko Nazioarteko Festibalean 2002an) edo Praia do futuro (Sail Ofizialean lehiatutakoa Berlinalen 2014an). Azken film hori otsailaren 23an proiektatuko da Fas Zine-Klubean.
Buru izango den epaimahaian honako kide hauek ere izango ditugu: Italiako Tatiana Lo Iacono, Queer Sicilia International New Visions FilmFest-eko Zuzendaria, eta Maialen Beloki, Zinemaldiko hautaketa batzordeko kidea, eta zeinaren presentziak Zinegoak eta Donostiako festibalaren arteko loturak estutuko dituen. Nazioarteko epaimahaiak zuzendari onena eta gidoi onena ere hautatuko ditu. Aktore protagonista eta taldeko aktore onenari sariak, orain arte bezala, EABko kideek banatuko dituzte.
Baina horrez gain, lehiaketaren barruan beste lau sari ere izendatuko dira, eta horretarako, epaimahai bereziak daude. Aurten, aurreneko aldiz, festibalak Epaimahai Gaztea izango du, CIFP Tartangako ikaslek, UPV/EHUko LGTB Ligako kideek, eta baita beste zine-eskoletako hogei bat ikaslek osatuta. Beren lana Film Labur Onena Saria nork jasoko duen erabakitzea izango da.
Emakume lesbianen elkarteetako ordezkariak, Amnistia Internacional, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendaritza eta ikus-entzunezko arloko artista euskaldunak, Sra Polaroiska edo Pablo Marte besteak beste, izango dira Zinegoak banatu ohi dituen gainerako sariak emateko epaimahaia osatuko dutenak.