Bilbo "erabakiaren hiriburua" bilakatzea du erronka Gure Esku Dago ekimenak

uriola.eus 2016ko ots. 1a, 10:19

Argazkia: Gure Esku Dago ‏@GureEskuDago

Guggenheim museotik gertu egindako agerraldian "Bilbo handia, erabakiaren hiria" bezala defendatu dute Gure Esku Dago (GED) ekimeneko kideek. "Erabakiaren aroaren epizentroa behar du izan Bilbo handiak, eta bilbotarrok horren motorra", adierazi dute aurtengo erronken berri ematean Nerea Epelde Deustuko batzordekideak eta Alex Zenarruzabeitia Bizkaiko arduradunak. Eurekin batera, Bilboko auzoetako GEDko hamarnaka kidek hartu dute parte. 

Erabakiaren aroa abiatu dutela esan dute "behin baino gehiagotan" GEDko kideek. Ekainaren 21ean hautatsontziak eraiki zutenetik, eta Eskura hausnarketaren ondorioz, "geure buruari lanerako 2018ko data jarri genionetik, atzera bueltarik ez duen aroa abiatu dugu".

Hautetsontziak eraikita, hautetsontzi horiek erabiltzen hasteko garaia da; erabakitzen hastekoa. Batean eta bestean egingo diren herri galdeketak notizia bilakatu dira azken asteotan. Goierrin, Diman, Ispasterren, Azpeitian... erabakia gauzatzeko nahikoa adostasun bilduta, erabakitzera doaz.

Egoera horretan, "bilbotarrok ezin dugu besterik gabe begira geratu. Begiratuko diegu, eurengandik ikasi eta aurrera jarraitzeko, baina ondo ulertuta Bilbo ez dela Goierri. Eta hortaz, gurean ere, Bilbo handian, bertako errealitatea kontuan hartuta dagokigula erabakia gauzatu dadin aukerak sortzea; eta horretara gatoz", adierazi du Nerea Epelde Deustuko eledunak.

"Herri bat gara, herritarron garaia da eta erabakitzeko eskubidea daukagu. 3.000.000 biztanle barnebildu nahi dituen dinamika da gurea" esan zuten dinamikako ordezkariek Gure Esku Dago sortzearekin batera. Eta horrela bada, "kontuan hartu behar dugu 3.000.000 biztanle horien herena, hemen bizi garela. Bilbok eta Bilbo handiak, beraz, erabakia gauzatuko bada, erabakiaren aroaren epizentroa izan behar dute. Eta bilbotarrok, erabakiaren aroaren motor".

Euskal Herriaren herena bizi den hiriburuak ematen dio Gure Esku Dagori "izan behar duenaren neurria". Irekia, inklusiboa, anitza, zaharra eta berria, bertakoa baina munduari begira diharduena... "horrelakoa behar du erabakiaren aroak". Nerea Epelderen hitzetan, "erabakitzeko eskubideak demokrazian, bizikidetzan eta etorkizunean sakontzeko aukera eskaintzen digu, eta horretan Bilbok eta Bilbo handiak, berebiziko garrantzia daukate. Hortaz, Bilboko auzoetako Gure Esku Dagoko kideok, Bilbo erabakiaren kapital bilakatzeko erronkari helduko diogu aurten".

 

Auzoetatik itsasadarrera

Goierrin, Diman, Ispasterren, Azpeitian eta beste hainbat herritan bezala, Bilbon ere erabakia gauzatzeko nahikoa adostasun landu eta aurrerapausoak ematea dute xede. Horretarako, lehenengo eta behin Bilbo osatzen duten auzo guztietan adierazpenaren ariketak abiatuko dituzte. Erabakitzeko adostasuna eta nahia jasoko dituzten adierazpenak landuko dituzte auzoetan, bertako eragile eta norbanakoekin. "Lekuan leku egun dagoen errealitatetik adostasun eremuak sortuko ditugu horretarako".

Adierazpen horien atxikimendu bilketa izango da hurrengo pausoa, eta azkenik, adierazpen eta atxikimendu guzti horien batuketa ekarriko du kurtso bukaerak. Ekainean, Bilboko itsasadarraren bueltan antolatuko duten ekimen erraldoiak "emango digu kurtsoan batutako borondate eta atxikimenduen argazkia".

Zubiak izaki Bilboko itsasadarraren argazkietako protagonista, GED ekimenak "herritarron arteko zubiak eraikiko ditugu, eta guztion arteko konfluentziatik etorriko da erabakia".