Emakumearen eta kartzelaren arteko errealitateak aztergai, egungo espetxe-sistemari alternatibak bilatzeko

uriola.eus 2016ko ots. 1a, 13:49

Otsailaren 5ean izango du hasiera 'Kartzela kalera! Emakumea eta kartzela' izeneko jardunaldiak eta otsailaren 7an bukaera. Bilbon eta Donostian izango dira saioak, eta aditu askoren hitzak entzun ahal izango dira. Tartean, Angela Davis aktibistaren hitzak.

Gite-Ipes erakundearen ardatzetako bat "espetxearen aurkako pentsamolde feminista, berritzaile eta eraikitzailea" da. Hari horretatik tiraka, lanerako eta eztabaidarako ildo bati ekin diote taldekideek: "Kartzela erakunde gisa" aztertzeari. Hausnarketa egitea dute xede. "Pentsamolde enpatiko batetik abiatuta, gaur egungo espetxe-sistemari alternatibak bilatzea, alegia, bestelako justizia-moldeak proposatzea, eraginkorragoak, solidarioagoak eta itxaropentsuagoak".

'Kartzelak kalera! Emakumeak eta espetxea' Gite-Ipes eta Ipar Hegoa erakundeek antolatutako jardunaldia da. Bertan parte hartuko du, besteak beste, Angela Davis aktibistak. Prison Activist Resource Center erakundeko Aholkularitza Batzordeko kidea izateaz gain, espetxeen aurkako mugimendu feministaren figura eraginkorrenetakoa da Davis. Kartzelen abolizioaren defendatzaile sutsua, eta ondo baino hobeto ezagutzen duena Ameriketako Estatu Batuetan, Holandan eta Kuban espetxeratutako emakumeen errealitatea.

Berarekin bat Estibaliz de Miguel, Cesar Manzanos, Leire Martinez, Rafael Sainz de las Rozas, Paulette D'Auteuil eta Jihad Mumit adituek parte hartuko dute jardunaldian.  

 

'Kartzela kalera! Emakumea eta kartzela'

Ostiralean bertan hasiko da jardunaldia 10:00etan Bidebarrietako Liburutegian Cesar Manzanos (Salhaketa) eta Rafael Sainz de las Rozasen (Zigor-Zuzenbideko irakaslea) hitzaldiekin. Estibaliz de Miguel (soziologoa eta hezitzailea) eta Leire Martinezek (politologoa eta preso ohia) emango diote jarraipena jardunaldiari. Atsedenaren ostean, 16:00etan Johad Abdulmumi (Panther Party) eta Paulette D'Auteilen (National Jericho Movement) hitzaldia izango da. Azkenik, 18:00etatik aurrera, Angela Davisena (Prison Activist Resource Center).

Otsailaren 6an izango du jarraipena jardunaldiak Iratzar aretoan. Donostian. Bertara hurbilduko da Angela Davis egungo herri, klase eta feminista izaeradun borroken ikuspegia emateko. Ipar Hegoa erakundeak antolatutako barne ikastaroa izango da hau. 

Igandean, azkenik, jardunaldiak Bilbora bueltatuko dira. 13.00etan, Guggenheim museoan, Angela Davisek solasaldia eskainiko du. Arratsaldean berriz, Kafe Antzokian, 'Angela Davis gure laguna da!' jaialdia izango da.

Egitaraua hemen

Bi erakundeek lan handia egin dute horrelako ekimena aurrera eramateko, eta "ekimen handia eta polita" izatea espero dute. Hala eta guztiz ere, nahiz eta ekimena doakoa den, bakoitzak ahal duen neurrian, ekarpena egitea eskatu dute, jardunaldiaren gastuei aurre egiteko. 

GITE-IPES 

IPAR HEGOA