Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea sortzeko lanak iragarri ditu Aburto alkateak

uriola.eus 2016ko ots. 1a, 17:05

Memoriaren Plaza erakusketa ibiltariaren irekieran aipatu du Juan Maria Aburto alkateak Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea sortzeko lanean dagoela Udala. Bertan, "xede hura lortzeko ekimenak eskaini nahi dituzten guztiek parte har dezakete". 

EAEn azken hamarkadetan gertatutakoaren lekukotzak bildu eta erakutsi nahi dituzte Gogora Institutuak eta Bilboko Udalak "memoria anitza eta partekatua sortzeko asmoz" gaur Bilboko Areatzan zabaldu duten Memoriaren Plazan. "Herritarrek parte hartzeko proiektua" dela azpimarratu dute Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuaren zuzendariak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak.

Erakusketa honetan Gogora Institutuak eta Bilboko Udalak batera lan egiten dute eta otsailaren 12ra arte egongo da zabalik. Hain zuzen ere, Bilbo izango Memoriaren Plaza izeneko proiektuaren abiapuntua. Helburuak lau ditu: "Erakusketaren bitartez memoria zabaltzea, partekatzea eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea; herritarrek norbere lekukotza utzi dezaten espazioa eskaintzea; udalerrian dauden memoriak lantzea; eta Gogora Institutua herritarrengana hurbiltzea.

 

Aukera historikoa 

Erakusketa ireki ostean, "aukera historikoa dela" esan du Juan Mari Aburto alkateak: "Inoiz ez da horrelako ahaleginik burutu". Aipatu duenez, "Bilbo izango da Euskadiko lehenengo udalerria errealitate horretatik kanpo ez dagoela eta gure memoria herri edo gizarte gisa eta esparru pertsonalean aintzat hartzen lagundu nahi duela erakusteko".  

Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea 

Gai horri dagokionez, Bilboko Udalean adostasuna erabatekoa dela gogorarazi du Aburtok: "Horretan gabiltza eta hala jarraituko dugu. Guztiok batera ibiliko gara. Gainera, Bakearen eta Bizidetzaren aldeko Topagunea sortzeko lanean gabiltzala iragarri nahi dizuet. Bertan parte hartu ahal izango dute xede hura lortzeko ekimenak eskaini dituzten guztiak". 

Lehenik eta behin, bilbotarrek Areatzako karpara etortzearen garrantzia nabarmendu gura izan du alkateak. "Bertan, lekukotzak ezagutu, jasandako kaltea onartu, sarritan isiltasun zaratatsua pairatuta, argitasunez zein espiritu kritikoz aztertu eta horren arabera jokatu ahal izango dute. Gure bizitzan, gure ingurukoekin, gure ingurunearekin jardutea. Izan ere, bakea, barkamena, ordaina eta bizikidetza egoteko aukera eskaini behar dugu".

 

Memoria ofizialean lekurik ez duten biktimak

EH Bildu koalizioko hainbat kidek parte hartu dute Bilboko Memoriaren Plazaren irekiera ekitaldian. Ondoan izan dituzte biktima batzuen senideak. "Memoria ofizialean lekurik ez duten biktima batzuen senideak". EH Bilduk gogoeta egin nahi du iraganean izandako giza eskubideen bortxaketa guztien inguruan, horretara berriro ez itzultzeko etorkizunean. "Horretarako egi osoa ezagutu nahi dugu, biktima guztiak aitortzeko. Eta horretarako ere, justizia osoa nahi dugu, sufritu duten pertsona guztiak erreabilitatzeko, erreparatzeko".

Gaurko ekitaldia baliatu du EH Bilduk Lakuako Gobernuak Bilboko Udalari luzatutako Memoriaren Mapan "hainbat hutsune eta akats detektatu" zituela gogoratzeko. "Bizitza eskubidearen urratze kasuak ez ziren bertan jasotzen". Esaterako, Txabi Etxebarrieta eta Ricardo Gomezenak, "ezta espetxe politikak eraildakoak", Joseba Asensioren kasua, edota "Ertzaintzak eragindako erailketak", Iñigo Cabacasen kasua. Cabacasen gurasoak izan dira, besteak beste, gaurko ekitaldira bertaratu direnetako batzuk.

 

Argazkiak: @goikodeustu eta @Antifaxismoa

 

Erakusketa

Otsaileko lehen 12 egunetan, Bilboko Areatzan izango da memoriari buruzko erakusketa. Karpa bat ezarriko da, hainbat gunetan banatuta, eta 09:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Honako gune hauek izango ditu:

Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek beren memoria-lekukotza in situ grabatzeko aukera izango dute. 

Lekukotzen bideoak: Francoren erregimenaren, terrorismoaren eta 107/2012 Dekretuaren babespeko biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte. 

Proiekzio eta debate eremua: zenbait dokumental proiektatu eta mahai-inguruak nahiz talde-dinamikak egongo dira. 

Mezuen hormairudia: bertara joandakoek haien mezua hormairudi batean eta kutxa batean idazteko aukera izango dute. Azken hau, Gogora Institutuaren esku geratzeaz gain, Memoria Plazaren webgunean argitaratuko da. 

 

Egitaraua

Otsailaren 2an, 19:00etan, mahai ingurua, terrorismoaren, polizia-bortizkeria bidegabearen eta frankismoaren biktimen parte-hartzearekin. 

Otsailaren 4an, 18:00etan, 'Memoria eraikitzen: biktimen eta gizartearen arteko elkarrizketa'. Memoriari eta bizikidetzari buruzko talde-dinamikak*. (bertaratzea baieztatu behar da

Otsailaren 9an, 19:00etan, zine foruma, dokumentala: Aldana 1980: isiltasun-eztanda

Otsailaren 11n, 19:00etan, zine foruma, dokumentala: Autokritikaren balioa.