Mobilizazioak iragarri dituzte Torturaren Aurkako Egunaren harira

uriola.eus 2016ko ots. 12a, 10:00

Argazkia: Stop Tortura

Otsailak 13an, larunbata, Torturaren Aurkako Eguna dela eta, hainbat eragilek torturaren aurkako ekimenak antolatu dituzte Bilbon. 

Bihar, otsailaren 13an, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak antolatuta, 12:30ean Bilboko Gobernu Zibilaren aurrean -Moyua plazan-, kontzentrazioa egongo da 'Hemen torturatzen da' lelopean. 

Sortu alderdiak aldiz, 'Tortura 40 urtez, inpunitatea 40 urtez' lelopean, elkarretaratzea egingo du Plaza Biribilean, 13:00etan. Euren web orrialdean jarritako idazkiaren arabera, Sortuko ordezkaritza zabala presente egongo da bihar herrietan antolatuko diren ekimenetan. Azaldu duten bezala, "Azken 40 urte hauetan ia 10.000 tortura kasu dokumentatu dira, eta milaka badira oraindik ere identifikatu gabeak. Horrek gerra estrategia bati erantzun dio. Euskal independentismoa zapuzteko estrategiari. Estrategia horrek herri honen askatasun egarria itotzea eta giza eskubideak modu bortitzez txikitzea zuen helburu."