Bilbao BBK Live 2016

Grimes artistak emanaldi "esklusiboa" eskainiko du BBK Live jaialdian

uriola.eus 2016ko ots. 2a, 12:53

Kanadako 26 urteko artistak 2008. urtean kaleratu zuen lehenengo maketa, kasete formatuan, eta bi urte geroago Geidi Primes albuma grabatu zuen. Grimes izenaren atzean ezkutatzen da Claire Boucher, eta Kobetamendiko jaialdian Art Angels azken diskoa aurkeztuko du, 2015. urtean merkaturatu zuena.

Bilbao BBK Live jaialdiak gero eta ahots gehiago gehitzen dizkio XI. edizioari. Oraingo honetan, Grimes artista kanadarra gehitu da Kobetamendiko hitzordurako kartelera eta emanaldi "esklusiboa" eskainiko du, non, uztailaren 7an, 8an eta 9an, jada iragarritako Arcade Fire, Pixies, Foals edo Tame Impala taldeekin agertokia partekatuko duen, beste askoren artean.

Grimes izenaren atzean ezkutatzen da Claire Boucher, eta gaur egungo synth-pop estiloaren figura garrantzitsuenetako bat da. Kanadarrak 26 urte baino ez ditu, baina curriculum harrigarria du bere alde: musikagilea, abeslaria, ekoizlea, ikuskizunen zuzendaria, bideo-errealizadorea, idazlea eta ilustratzailea izan da. Lehenengo maketa kasete formatuan kaleratu zuen 2008. urtean, eta oso denbora gutxi behar izan zuen Montrealeko underground eszenan ezaguna izateko.

Geidi Primes lehenengo albuma 2010. urtean iritsi zen, eta, gero, beste lau albumeko eta EP bateko protagonista izan da, hau da, ia-ia disko bat kaleratu du urtean. Visions izeneko hirugarrenarekin hasi zen Boucher mundu osoko musika-aldizkarietako azalak okupatzen, baita The New York Times egunkariko kritika onak irabazten ere, besteak beste. Egunkariak "albuma 2012. urteko ikusgarriena" izan zela esan zuen. Grimesek Art Angels (2015) azken diskoa aurkeztuko du Bilbao BBK Live Jaialdian; bertan, hauexek uztartu ditu: estetika berezia, bururatu ahal zaizkigun erregistro guztiak hartzen dituen ahotsa eta synth-pop, art-pop, giro gotikoak, R&B eta elektronikaren konbinazioa. Lana 2015. Urteko diskorik onenen zerrendetako lehenengo postuetan dago.

2016ko uztailaren 7an, 8an, eta 9an Kobetamendin besteak beste, talde hauek egongo dira: Grimes, Tame Impala, Jagwar Ma, Arcade Fire, Pixies, Foals, New Order, M83, Hot Chip, Years & years, Jose Gonzalez, Father John Misty, Courtney Barnett, Wolf Alice, Was eta Hola a todo el mundo.

Bonuak eta prezioak

Bonuaren eskaintza: 110€ + 6€ gastuak

Bonuaren eskaintza + kanpina: 120€ + 6€ gastuak

Hauek, www.bilbaobbklive.com eta Kutxabank Sarean (webgunean eta zerbitzu anitzeko kutxazainetan), Ticketmaster,  902 15 00 25, FNAC, Carrefour, HalcónViajes bulegoetan,www.ticketea.comwww.entradas.com, eta www.atrapalo.com atarietan eskuratu daitezke.

Bizkaiko Kultur Txartela

Hirugarren urtez jarraian, Bizkaiko ikusleek B motako Bizkaiko Kultur Txartela erabili ahal izango dute Bilbao BBK Live jaialdiko bonuak erosteko. Bizkaiko Kultur Txartela BBK zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dute Bizkaian, 2015eko abenduaren 10etik 2016ko urtarrilaren 27ra, edo agortu arte. Erabiltzeko epea 2015eko abenduaren 10ean hasi eta 2016ko urtarrilaren 30ean amaituko da. Prezioa 28 euro da, eta 40 euroko erosketa-balioa du. Bizkaiko Kultur Txartelak metatu ahal izango dira, baina balioa ezin izango da zatitu.