Azkuna Zentroko Zinematekak aukera eskaintzen du XX. mendeko artistarik handienetako bat izan den Buster Keatonen filmekin proiekzio zinematografikoan miresmenez gozatzeko. Otsailaren 10ean hasi zen zikloa, martxoaren 17ra iraungo duena, eta gaur, asteazkena, zinemagilearen beste lau pelikula proiektatuko dituzte. Filmak bi saio ezberdinetan emango dira, bata 17:30etan eta bestea 19:30etan.
Buster Keaton
Joan den mendearen hogeiko hamarkadan, soinudun zinema iritsi aurreko azken hamarraldian, zinema mutuak aparteko bikaintasun artistikoko garaia izan zuen. Lang, Murnau, Lubitsch, Stroheim, Eisenstein, Vidor eta garai hartako beste autore batzuen filmak lehenengo mailako artelanak dira zinemaren historiaren baitan.
Urte horietan, urrezko aroa bizi izan zuen Amerikako komedia komikoak ere, eta Charles Chaplin figura geniala izan zen orduko kritikaren eta ikusleen iritziz idolo eztabaidaezina. Beste artista bat bakarrik izan zen haren mailan jartzeko gai: Buster Keaton.
Keatonen begiradan tristurazko malenkonia-kutsua dago, baina urrunerantz, zerumuga baino haratago jo nahi duen borondatearen bulkada ere igarri daiteke bertan. Horren harira, ez da harritzekoa noizean behin Keaton nonbaitera igotzea eta eskua sudurraren gainean nahiz azpian jarrita, gelditu, eta begirada urruntasun ezezagun horretara bideratzea. Infiniturantz doan lerro zuzen euklidiarra seinalatzen du bere begiradak.
Deialdiak
Otsailak 24, asteazkena:
The Navigator + The goat 17:30
Seven chances + The play House 19:30
Martxoak 3, asteazkena:
Go west + The Paleface 17:30
Battling butler + My wife´s relations 19:30
Martxoak 9, asteazkena:
The general 17:30
College + The Blacksmith 19:30
Martxoak 16, asteazkena:
Steamboat Bill Jr. + The frozen north 17:30
The cameraman 19:30