Inauteriak 2016

Bilboko inauteriak, ikuskizunetik parte-hartzera

uriola.eus 2016ko ots. 4a, 13:54

Musika jaialdi handi batek emango die hasiera 2016ko Bilboko inauteriei. Hamar musika talde Alde Zaharreko zazpi eszenatokitara igoko dira iluntzean kaletarren aratuste gogoa pizteko. Musikariek, hiriko gainerako eragileek bezala, parte-hartze handiagoa izango dute aurtengo inauterietako egitarauan.

Besteak beste, Leun, Gerente, Kualudd, Makabi eta Bat Sound System taldeak entzuteko aukera izango da. Kontzertuak 20:00etan hasiko dira Santa Maria, Barrenkale, Hirukigunea, Txakur Kalea, Maria Muñoz, Iturribide eta Goenkale kaleetan.  

 

Iaz aldatu zen Bilboko Inauterietako eredua. Aldaketa horren adibideak asko dira. Gaurko musika maratoia da bat, eta hiriko taldeei bere lekua egiteko borondateari erantzuten dio.

Farolin eta Zaranbolasen epaiketa da beste adibide bat. Profesionalek antzezturiko emanaldia izatetik antzelan herritarra izatera pasa da. 30 lagunek parte hartuko dute Ane Zabala (Farolin) eta Galder Perezen (Zaranbolas) epaiketan bihar 19:30ean eta Plaza Barrira hurbiltzen diren lagunek ere epaiketan zeresana izango dute. Auzian "iritzia eman ahalko dute". 

Larunbatekoa da inauterietako egun nagusia. Jarduera kopuruan "pisutsuena". Arratsaldea konpartsa eta taldeen desfilera mugatuta zegoen iaz arte. Azken 12-13 urtetako eredua 2015ean apurtu zen arte. Konpartsen ordezkari Iñaki Larrañagaren esanetan, Kale Nagusiko mozorroen jaitsiera "ikuskizun bihurtuta zegoen" eta bertaratzen zen jendea "ikusle bihurtuta". 

Inauterietako sen kaotikoa hiritar guztien artean kutsatzeko jai esparrua zabaltzea erabaki du Jai Batzorde Mistoak. Aurten bi gune izango ditu esparru horrek. Eguneko egitaraua eskainiko duena (12:00etatik 19:00etara), hiri erdigunean kokatua, eta iluntzeko egitaraua eskainiko duena (20:00etatik aurrera). Bietan "jarduera zelebre eta ikusgarriak" izango direla aurreratu dute konpartsetako kideek. 

 

Erritmoa eta aliatuak 

Jai Batzorde Mistoa osatzen duten alderdi politikoetako eta herri eragileetako ordezkariek iaz adostutako elkarlanerako akordioa "ondo doa". "Koordinaziorako" akordioari eusten dioten arren, batzuen eta besteen aurrera egiteko gogoan abiadura ezberdinak nabari dira. "Ideia nagusietan bat egiten dugu", dio Iñaki Larrañagak, baina ez ideia horiek gauzatzeko "erritmoan eta formetan". Konpartsek, besteak beste, "pixka bat arinago" joan nahi dute.  

Parte-hartzea ez da konpartsen lana soilik. "Gu ez gara promotora bat", zehaztu du Larrañagak. Horregatik, "aliatuen" bila ibili dira konpartsak. Ideiak emateko eta antolaketan lan egiteko prest dauden norbanakoen eta taldeen bila. Taberna, denda, abesbatza edota elkarteetara jo dute konpartsek aliatu bila. Eta aurkitu dituzte, bai. "Aurtengo egitarauan dauden jarduera asko aliatu horien ideietatik sortu dira. Horrela soilik lortuko dugu Bilboko inauteriak denon jaiak izatea". 

 

Farolin eta Zaranbolasen atxiloketa eta epaiketa

Bihar, ostirala, Farolin eta Zaranbolasen atxiloketa eta epaiketa izango da 19:30ean Plaza Berrian. Farolin eta Zaranbolasek, Ane Zabala eta Galder Perezek hurrenez hurren, ere dena prest dute sei egunez osaturiko jai hauetarako. Ane Zabala kazetari eta aktorea da eta Galder Perez aktore, gidoilari eta zuzendaria. 

Farolin eta Zaranbolas Bilboko Aratusteen jatorrizko sinbolo bereizgarri bakarrak dira. Farolin bilbotarra da –ez da ezinbestekoa Bilbon jaioa izatea-, eta izugarri nabarmendu izan da bai bere lanean edo jarduera publikoan, beti ere botxokoa izateaz nabarmendu eta bere lelorik nagusiena Semper Plus Ultra (beti Haratago) izan daitekeelarik. Zarambolas bilbotar gibel-handia da, ezer ere eragin ez eta bizitza aldatuko ez diona. Bizimodu onaren buruzagi, eta bere bizimodua Carpe Diem esaeran laburbiltzen duena.

Epaiketaren ostean, Farolin eta Zaranbolasen iseka izango da kopla eta dantzekin Santiago Plazan Beti Jai Alai dantza taldearen eskutik eta gaueko 20.30ean Aretodantzak izango dira Plaza Berrian Bilbao Sozial Dantzaren eskutik.

 

Haurrentzako programazioa

Otsailaren 5ean, bihar, haurrentzako programazioaren ekintza nagusia hasiko da. Bilboko eskola eta ikastolen desfilea izango dugu, Albia Lorategietan hasi eta Plaza Berrian txokolatada handi batekin amaitzeko. Larunbatean, puzgarriak, Gargantua eta haurrentzako tailerrak ere izango dira eta 7an, azkenik, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara bitartean, Buruhandi eta Erraldoiak izango dira Areatza eta Arriaga Plazaren inguruetan.

 

Larunbatean jarduera mordoa

Hainbat kontzertu, dantza ikuskizun, Bilbo kantari, umeentzako ekitaldi, soinu-talde, erraldoiak eta nola ez, Inauterietako Mozorro Lehiaketa izango dira. Epaimahaia Plaza Biribilean jarriko da arratsaldeko 17.00etatik aurrera, talde desberdinek arratsaldean zehar euren mozorroak erakutsi ditzaten. Horrez gain, epaimahai ibiltari bat ibiliko da Kale Nagusian, Moyua Plazan, Astarloan, Diputazio kalean eta Zabalgune ingurutik. Aukera egongo da ere, 17.30ean, Plaza Biribilera Sardinarekin selfie bat egiteko. 

 

Indaba lehiaketa

Otsailak 7, igande goizean, Indaba Lehiaketa egingo dute Plaza Berrian. Horrez gain, goizean zehar, Buruhandi eta Erraldoiek giroa alaituko dute, eta arratsaldez, 18.30ean, ikuskizun bat izango dugu Beti Jai Alai Dantza Taldearen eskutik. 

Argazkia: Bilboko Konpartsak

 

Udal Musika Bandaren kontzertua

Beste urte batez, BilbaoMusikak familia osoarentzat bereziki pentsatuta dagoen Bilboko Udal Musika Bandaren kontzertua eskainiko du astelehenean, otsailak 8, 12.30ean, Plaza Berrian. 

Iñaki Urkizu Bandaren zuzendari ordearen batuta azpian eta Patxi Gonzalez aktore eta abeslariaren parte-hartzearekin, ekitaldiaren maisu izango dena, taldeak bilbainadez, mexikar abestiez edo Natxo de Feliperen gai ezagunez osatutako errepertorio zabala interpretatuko du. 

Astelehenean, hilak 8, Bilboko Udal Bandak kontzertua eskainiko du familientzat Patxi Gonzalezekin Plaza Berriko karpan 12:30etan. 17.00etatik aurrera, Plaza Berrian puzgarriak, jokoak eta haurren lantegiak egongo dira. 

 

Sardinaren erreketa

Otsailak 9, asteartea, 19.30etatik aurrera, inauterietako unerik tristeena izango da; sardina erretzearen unea izango da. Sardinaren gorpua Plaza Berritik Arriaga Antzokiko plazaraino eramango da. Ikusleek segizioarekin batera egin ahalko dute ibilbidea Alde Zaharretik Arriagako Plazaraino lutoz jantzita eta kandelak eskuetan daramatzatela. Arriaga Plazan izango den antzezlan batek emango dio amaiera Aratusteei 20.00etan. 

Argazkia: Bilboko Konpartsak

Integrazio neurriak

Bilboko Udaleko Jaietako Sailak aurrera dihardu minusbaliotasunen bat daukaten guztiei jaietan parte har dezaten bermatzeko. Horrela jarduera guztiak egokitzen saiatuko da ahalik eta eskuragarriagoak izan daitezen. Horrez gain, jai egitarauak Braillez aurkitu ahalko ditugu Udaleko Informazio Bulegoan, ONCEren egoitzan (Perez Galdos, 11) eta Bilboko Turismo bulegoetan: Plaza Biribila, Abandoibarra 2, Aireportua, La Bolsa Udal Zentroa eta Barrainkua Udal Zentroa. Programa honetan inauterietako kartelaren egileak berak egindako azalpen idatzia bilduko da Braillera itzulirik. Horrez gain, Farolin eta Zarambolasi egindako epaiketan zeinu bidezko interpretaria izango da.