Bilboko Euskararen Aholku Batzordea eratu dute

uriola.eus 2016ko ots. 3a, 17:30

Euskarak “izugarrizko erronka” dauka Bilbon Juan Maria Aburtoren hitzetan. Ezagutzatik erabilerara jauzia egiteko erronka. “Euskara erabili egin behar dugu arlo guztietan”, adierazi du alkateak. Eta berak zuzentzen duen etxe barrura ere begiratu du. “Nola ez, Bilboko Udal barruan ere. Gure gestioa euskaraz egiteko gai izan behar dugu”. Erronka lortzeko “euskarak normalizazioa behar du” eta normalizazioa lortzeko “guztion lana beharrezkoa da”. Horregatik gaur Euskararen Aholku Batzordean “alderdi guztiak eta euskararen munduko eragileak egongo gara lan hori bultzatzeko”. 

Udalak abian jarri du gaur Bilboko Euskararen Aholku Batzordea. Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto izango da batzordeko burua. Alkatearekin batera, Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzia den Koldo Narbaiza, batzordeko buruordea, eta Bilboko politika, kultura eta gizarte-arloko zenbait eragile egongo dira. Guztira, 21 pertsona izango dira Bilboko Euskararen Aholku Batzordea osatuko dutenak. Horietatik 8 dira gizarte eta kultura-arloko eragileak eta gainerakoak Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak. 

"Taldean lan eginez bizitzaren arlo guztietan euskararen normalizazioa lortzea" du xede Bilboko Euskararen Aholku Batzordeak. Udalak jakitera eman duenez, besteak beste, "euskarazko kulturaren kontsumoa susta daiteke, erabilera eta ezagutza bermatuz; euskaldunen komunitatea indartu, bertatik bertara aritzeko zein birtualak diren sareak zabalduz eta sendotuz; euskararen erakargarritasunean azpimarra jarri eta modu egokian proiektatu, euskarak erabilera asko gordetzen dituelako eta espazio nahikoa duelako euskarara hurbiltzen diren guztiei lekua egiteko". 

Batzorde hau hizkuntza-arloan aritzeko aholku eta eztabaida-organoa da. Xedeak osoko bilkuretan eta arlokako batzordeetan landuko dituzte eta batzordea gutxienez urtean birritan batuko da.

Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko Ekintza Planarekin (ESEP) bat etorrita  egingo du lan Bilboko Euskararen Aholku Batzordea, normalizazioa erakundeetan zein gizarte-mailan lortzeko. Gizartea modu zabalean ulertu behar da, hau da, euskaldunen errealitatea barruan duen eremutzat jota. Bilbon Plan Estrategikoaren barruan egindako proposamenak burutuko dira.

Batzordea eratzeko saion honetan Bilboko alkatea arituko da buru eta Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzia buruorde. Horiez gain, Kulturako, Ekonomia eta Ogasuneko eta Bilbao Ekintzako zinegotziak egongo dira, baita udaleko alderdi politiko guztietako ordezkari bana, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskarako zuzendariak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko ordezkari bat ere.

Gizarte eta kultura-arloko eragileei dagokienez, Jokin Gorozika Labayru fundazioaren izenean, Jon Maguregi Bilboko euskaltegien izenean; Olatz Elgea, Bilbao Dendak erakundearen izenean; Genar Andrinua, Athletic Cluben izenean, Libe Agirre kazetaria eta Xabier Monasterio kultura eragilea.

Andres Urrutia euskaltzainburuak ezin izan du gaurko bileran parte hartu gaixo dagoela eta.

"Euskararen normalizazioan urrats asko eman badira ere, oraindik asko falta da helburua lortzeko. Hala ere, ukaezina da aurrerapen garrantzitsuak egin direla eta gizarte eta politika arloetako indarren arteko adostasuna ia erabatekoa dela. Horren erakuslea da, gaur Bilboko Udaletxean abian jarritako Bilboko Euskararen Aholku Batzordea", Juan Maria Aburto alkatearen esanetan.