Makilak kolpeka

uriola.eus 2016ko ots. 4a, 09:54

Argazkia: www.bilbaoturismo.net

Otsailak 4, Agate eguna gaur. Deustun, San Inazion, Begoñan eta Udaletxean, besteak beste, entzun ahal izango dira makila eta kantu doinuak. 

Eguna Prekaria Deunari omenaldia eginez hasiko da Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Kale Nagusiko 85ean. Hitzordua 10:30ean izango da. Ekimenaren deitzaileak "duintasunaren aldeko eta prekaritatearen aurkako" Correscales martxako kideak dira.

Udaletxeak, urtetan famatu egin diren Suhiltzaileen eta Arratiako abesbatzaz gain, Udal funtzionarioen abesbatza jasoko du. 10:45ean hasiko dira lehenik eta behin suhiltzaileen taldea eta gero Arratiako abesbatzak ekingo dio egunari doinua jartzeari. Azkenik, 13:15ean udal funtzionarioen abesbatza arituko da kantuan. Guzti hau udaletxeko hall-ean egingo da.

Deustu, San Inazio eta Begoñan ere ospatuko dute Agate Deuna eguna, denak arratsaldeko 19:00etan. Deustun, Done Petri plazatik aterako dira eta azken urteetan egin duten legez, Bihotz Alai Folklore Taldea eta Berbaizu Euskara Elkartearen Kantugintza Taldea elkarrekin arituko dira kantari Deustuko kaleetatik.

San Inaziok ibilbidea Sarrikon hasiko du eta bertatik behera egingo du lagun taldeak Kabia Kultur Elkartera heldu arte.

Azkenik, aipatzekoa da Begoñako kideek usadio zaharrei eutsiz, Garaizarko Matsorriak abesbatza kalez-kale ibiliko dela, Begoña Errepublika Zaharreko kaleetan zehar, ohiko koplak abestuz. Euren jaiotetxearen atarian hasiko dute ibilbidea, eta Begoña, Txurdinaga eta Santutxutik arituko dira, El Refugio eta Santa Monika komentura bisita bereziak eginez. 

Beraz, animatu eta jarri ezaiozu zure makilkada eta doinua Agate Deuna egunari!