Inauteriak 2016

Aratusteetako bost egun zoro

uriola.eus 2016ko ots. 5a, 09:21

Argazkia: @galderperez

Antzerkilari profesionalak alde batera utzita, konpartsakideek ekingo diote Farolin eta Zaranbolasen atxiloketa eta epaiketari gaurko egunean. 19:00etan atxiloturik eramango dituzte Plaza Barriraino Ane Zabala eta Galder Perez, Farolin eta Zaranbolas, hurrenez hurren. Bertan, epaiketa herrikoian auziperatuak izango dira Bilboko herritarren oihu eta algara artean.

1984ko Aratusteetan ezarri zen lehenengoz Farolin eta Zaranbolasen epaiketa Bilbon, aratuste tradizional eta baserri-girokoetan ohikoa zen urteroko pertsonaia gaiztoak epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz. Aurten Galdere Perez eta Ane Zabalak lortu dute bi pertsonai xelebre hauen izendapena. 

Farolin eta Zaranbolasen atxiloketa eta epaiketarako dena prest badago ere, kazetari eta antzerkilariak "urduri" daudela adierazi dute. Aldi berean, "poztasun berezia" sentitu dutela ere aipatu dute; "sari bat bezalakoa" baita eurentzat.

Epaiketaren ostean, Farolin eta Zaranbolasen iseka izango da kopla eta dantzekin Santiago Plazan Beti Jai Alai dantza taldearen eskutik eta gaueko 20:30ean Aretodantzak izango dira Plaza Berrian Bilbao Sozial Dantzaren eskutik. 

 

Dantzak, ikusikizunak, umeentzako ekitaldia... denetarik egongo da larunbatean

Larunbatekoa da inauterietako egun nagusia. Jarduera kopuruan "pisutsuena". Inauterietako sen kaotikoa hiritar guztien artean kutsatzeko jai esparrua zabaltzea erabaki du Jai Batzorde Mistoak. Aurten bi gune izango ditu esparru horrek. Eguneko egitaraua eskainiko duena (12:00etatik 19:00etara), hiri erdigunean kokatua, eta iluntzeko egitaraua eskainiko duena (20:00etatik aurrera). Bietan "jarduera zelebre eta ikusgarriak" izango direla aurreratu dute konpartsetako kideek. 

Aipatutakoaz gain, urteroko Inauterietako Mozorro Lehiaketa izango da larunbat honetan. Emaimahaia Plaza Biribilean jarriko da arratsaldeko 17:00etatik aurrera, talde desberdinek arratsaldean zehar euren mozzoroak erakutsi ditzaten. Horretaz gain, epaimahai ibiltari bat ibiliko da Kale Nagusian, Moyua Plazan, Astarloan, Diputazio kalean eta Zabalgune ingurutik. Aukera egongo da ere, 17:30ean, Plaza Biribilera Sardinarekin selfie bat egiteko.

Larunbat honetan ere, hainbat kale moztuko dira ospatuko diren ekintzak direla medio. Hemen ikusi: www.uriola.eus

 

Igandean indabak izango dira protagonista

Otsailak 7, igande goizean, Indaba Lehiaketa egingo dute Plaza Berrian. Horretaz gain, goizean zehar, Buruhandi eta Erraldoiek giroa alaituko dute. Arratsaldez berriz, 18:30ean, ikuskizun bat izango dugu Beti Jai Alai Dantza Taldearen eskutik.

 

Hala ere, ez pentsa asteburu honetan bertan amaitzen direla inauteriak. Astelehen eta asteartean oraindik ere, aratusteetako festa jarraituko du. Hona hemen aratusteetako programaren pdf-a deskargatzeko linka: www.bilbokokonpartsak.com