Bisita gidatua egiteko doako aukera
Otsailaren 6tik urrira arte 11:30ean izango dira, zapatu guztietan. Gehienez 30 pertsona egongo dira talde bakoitzean, eta aldez aurretik egin beharko da erreserba Udaleko 010 / 94 401 00 10 telefonora deituta, 8:00etatik 20:00etara.
Pausoz pauso sortutako garraiobidea
2015ko urriaren 7an ospatu zen funikularraren mendeurrena. XIX. mendearen amaieran, bilbotar askok aisiarako eta ondo pasatzeko leku gisa erabiltzen zuten Artxanda mendia. Hori dela eta, XX. mendearen hasieratik, baloratu egin zen Bernardo Jimenezek, hiriaren erdialdea Artxanda mendiarekin lotuko zuen kremailera tren bat eraikitzeko prestatutako proiektua.
Ekimenak ez zuen aurrera egin finantzaketa faltaren ondorioz, baina 1915ean, Evaristo San Martin y Garzen proiektua onetsi zen. Hala bada, 488.407,30 pezetako inbertsioa egin behar izan zen. Horrela, 1915eko urriaren 7an funikularrak lehenengo bidaia egin zuen, Benito Marco Gardoqui Hiriko alkate zela.
Hector Ortegak, Artxandako mendeurrenaren harira, BERTON aldizkariko 101. zenbakian, honi buruzko iritzi artikulua idatzi zuen, eta hona hemen bere hitzak:
"Gaur egun ezagutzen dugun bezala eraiki zuten funikularraren ibilbidea: beheko geltokitik 145 metroko tuneletik atera eta bidezubiari atxikita mendi magaleraino heldu. Harren gero, bertatik goraino. Denetara, 0,760 km eta 227 metroko desnibela.
Lehenengo bidaia urriaren 3an egin zuten, prentsarekin. Bidaia bost minututan egiten zen, bistak ederrak ziren eta, goian, jatetxea listo eta kasinoa obretan zegoen.
Herritarrentzat urriaren 7ko eguerdiko 12etan hasi zen beharrean funikularra. Jendetza igo zen lehenengo egun hartan, eguraldi eguzkitsua lagun. Ehun urte geroago, bertan dago, betiko lez, mendian gora tatarrez baina zoragarri".
Oraindik ere bidelagun
Gaur egun oraindik dirau duela 100 urte sortutako garraiobideak, eta hori dela eta joan den urtean hainbat ekimen antolatu ziren.
Aipatzeko da, mendeurrenarekin bat, Artxandako funikularrak bidaiari marka berria lortu zuela 2015. urtean. 728.921 erabiltzaile izan zituen, 2014an baino %19 gehiago.
2019 baino lehen, bide erdian geralekua izango du
Mirador a Bilbao, Etxezuri eta Via Vieja de Lezamako auzokideen eskaria errealitate bihurtuko da azkenik. Funikularreko unitateak gurutzatzen diren gunean, ibilbidearen erdialdean, eraikiko da geralekua. Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailaren arabera, "2019 baino lehen".
Geralekuarekin batera pasabide mekaniko bat ere eraikiko dute auzotarrei sarbidea errazteko. Alfonso Gil Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen zinegotziaren esanetan, proiektua "inplementatu beharra dago, baina borondate politikoa badago eta egin, egingo da".