Hezkuntza komunitatearen eta familien presioaren eraginez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarrerak "apur bat aldatu" dituzte. Baina, "norabide argirik gabe", zehaztu dute Hezkuntza Plataformen Topaguneko kideek gaur. "Nafarroako Gobernuak 3. zein 6. mailako azterketak egingo ez dituela iragarri du. 6. mailako azterketaren pilotajea, hala ere, egin du dagoeneko. Cristina Uriarteren sailak 3. mailako azterketa mantendu eta 6. mailakoa aurten egingo ez duela iragarri du".
Batak ala besteak, LOMCEren eta LOMCEren euskal aplikazioa den Heziberri 2020ren dekretuak onartuak dituzte. Hau da, "LOMCEren araberako araudia da indarrean dagoena gure administrazioetan; LOMCEren araberakoa".
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari mezu argia helarazi diote Hezkuntza Plataformen Topagunetik: "Iazko ikasturtean ezin izan zenuen 3. mailako pilotajea egoki burutu. Hezkuntza eragile nagusienok azterketa horren kontra agertu ginen. Ebaluazio sistema eta azterketa horien kontra agertu ziren gurekin batera Sortzen, Ehige, Ikastolak, Lab, Ela eta Steilas, besteak beste. Eta hala ere, inposaketaren bidean jarraitu eta 3. mailako azterketarekin aurrera egingo duzula adierazi duzu. Oraingoan ere hezkuntza eragileak berdina esaten ari zaizkizu. Iaz bezala, hezkuntza eragileak azterketaren kontra agertu dira. Espero dugu iazko planto jarrera berdina manten dezatela. Jakin dezazun, Hezkuntza Plataformen Topagunetik azterketa horien kontrako planto orokortua bultzatuko dugu".
Bi idazki
Gaurko agerraldian, plataformak adierazi duenez, bi idazki nagusi zabaltzen ari da. Bata, familien objekzioa bilatzen duen dokumentua da. Dokumentu horren bitartez, "gure alaba eta semeei azterketa egin diezaioten ez dugu baimenik emango". Bestea, ikastetxeetako organo gorenetan onartzekoa da, eta "azterketa hauen kontrako jarrera" adierazten duen idazkia da.
Heziberri dekretuak bertan behera uzteko eskatu dute
"Larriena", Hezkuntza Plataformen Topagunearen arabera, Heziberrin onartutako dekretuak dira. Izan ere, bertan "azterketa 2 hauetaz gain beste 2 ebaluazio diagnostiko eta LOMCEren araberako beste 2 errebalida onartzen dira, DBH eta Batxilergoan". Horregatik Heziberri 2020ren dekretuak bertan behera uzteko exijitu diote Cristina Uriarteri. "Aipatutako dekretuak LOMCEren aplikazio hutsa dira eta ez dute Hezkuntza Sistema Propioaren aldeko inongo urratsik ematen".