Jazza barrutietaraino

uriola.eus 2016ko ots. 19a, 09:28

Argazkian Ernesto Aurillac

2016ko Bilbao Distrito Jazz edizioko lehen kontzertua nazioarte-mailako artista bik eman oatean, gaur, ekitaldiarekin jarraitu eta Begoñako Udaltegian, Ernesto Aurillacen boskotearen emanaldia entzuteko aukera izango da. 

Bilbao Distrito Jazz ekimenaren edizio berri honetan eskaintza anitza eta kalitatekoa dago, nazioarte-mailan proiekzio handi-handia duten artisten eskutik. Otsailaren eta martxoaren bost barikutan, bost astean, 19:30ean hasita izango dira kontzertuak. Sarrera doakoa da eta lekuak mugatuta daude.

 

Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarte mailako birtuosismoa

Gaur, hilak 19, Begoñako Udaltegian, Ernesto Aurillacen boskotearen emanaldia izango da. Ernesto Aurillac Estatuko jazzaren panoraman saxofoi-jotzaile eta musikagile handienen artean dago. Aurillacek talde askotan jo du, musikari handiekin; hala nola, Chano Rodriguez, Perico Sambeat eta Darryl Hallekin. Gaur egun, Carlos Saura zinegilearen Flamenco hoy ikuskizuneko musikari-taldean dago. Malagako Jazz Elkartearen sortzailea da eta saxofoi, harmnonia eta konboetako irakaslea da Maestro Puyana Arteen eta Musika Modernoaren Zentroan.

Aurreko urteetan bezala, programak nazioarteko musikariak eta bertako talde bat tartekatzen ditu. Aurten bertokoa Jose Luis Canalen eskutik dator. Bilboko piano-jotzailea jazzean eta musika klasikoan nabarmentzen da eta euskal musikaririk garrantzitsuenekin jo du. Zenbait urtez bere hirukotearen buru jardun du, Jon Prisekin eta Tete Monteliuren bateria-jotzailea izandako Peer Wiborysekin. Kontzertu hau otsailaren 26an izango da, Bidebarrietako Liburutegian. 

Albert Sanz piano-jotzailea eta musikagile valentziarrak, nazioarte-mailan izen ona duenak, martxoaren 4an joko du. Deustuko Udaltegian eskainiko du errepertorio zabala, jazzeko munduko figura handi batzuekin batera jardun du traiektoria luzean eta horren erakusgarri da errepertorioa.

Bilbao Distrito Jazz ekimenaren 2016ko edizioko azken kontzertua Trio Horacio Fumero hirukoteak eskainiko du, Otxarkoagako Udaltegian, martxoaren 11n. Argentinako kontrabaxu-jotzailea Tete Montoliu Trioren kidea izana da eta gaur egun ere jazzaren eta flamenkoaren musikari garrantzitsuekin lan egiten jarraitzen du. 

 

Jazza maileguan

Bilbao Distrito Jazz programa dela-eta, Bilboko Udal Liburutegien Sareak gogorarazi nahi du, jazz-zaleen ezagutza handitzeko baduela genero horretako lanen bilduma handia: grabazioak eta liburuak. Horiek maileguan har daitezke. Katalogoa www.bilbao.eus/bibliotecas webgunean kontsulta daiteke eta hala nahi dutenek iradokizunak egin ditzakete, erosketei eta bilduma gaurkotzeari begira.

2016ko Bilbao Distrito Jazz - Agenda

Otsailaren 19an, Ernesto Aurignac Quintet, Begoñako Udaltegian.

Otsailaren 26an, Jose Luis Canal Trio, Bidebarrietako Liburutegian.

Martxoaren 4an, Albert Sanz, Mediterranies Trio, Deustuko Udaltegian.

Martxoaren 11n, Horacio Fumero Trio Otxarkoagako Udaltegian.

Kontzertu guztiak 19:30ean hasiko dira. 

kulturabarrutik.eus 

 

Bilbao Distrito Jazz 

Bilboko auzoetan jazza zabaldu nahi du Bilboko Udalak, genero minoritarioa dela jakinda; izan ere, entzule berriak erakarri nahi ditu eta 1991n astero zuzeneko emanaldiak antolatzen dituen Bilbaina Jazz Club elkarte beteranoak egiten duen lanari lagundu.