Bigarren urterik onena Euskalduna Jauregiarentzat

uriola.eus 2016ko ots. 8a, 16:45

Jon Ortuzar Euskalduna Jauregiko zuzendaria, Lorea Bilbao Kultura diputatua eta Gonzalo Olabarria Kultura zuzendaria

2015a "urte bikaina" izan da Euskalduna Jauregiarentzat. Euskadiko Barne Produktu Gordinean 90,9 milioi eurokoa inpaktu ekonomikoa eragiteraino. Jauregia martxan dagoenetik (1999) izan duen bigarren inpakturik handiena da iazkoa.

2015. urtea "zifra historikoekin bukatu da", Lorea Bilbao Kultura diputatuak gaur azaldu duenez. "Espero genuena guztiz gainditzen duen balantzearekin, bisitarien errekor berriarekin, 90,9 milioi euroko inpaktu ekonomikoarekin, bigarren altuena inauguratu zenetik. Gainera, Euskalduna Jauregiak 601.283 euroko ustiapen-mozkina lortu du, 2014an lortu zenaren bikoitza baino gehiago. "Zalantzarik gabe, urte paregabea izan da Euskalduna Jauregiarentzat eta 2008az geroztik izandako emaitzarik onena lortu da".

Lorea Bilbaok bere agerraldian azpimarratu duenez, jauregiak ekitaldiak "superabitarekin itxi izan ditu beti", eta 1999an inauguratu zenetik 10.000.000 euroko ustiapen-mozkina bildu du. Hori dela eta, "ez da beharrezkoa izan diru-laguntza publikoak baliatzea". 

 

Liderrak estatu mailan

Zifretan, Euskalduna Jauregia estatuko Kongresu Jauregien buruan dago ekitaldi kopurua kontuan hartuz gero. Izan ere, 795 ekitaldi eta antzezlan hartu ditu, Jauregiko Etxanobe eta Jauregia jatetxeek urte osoan eskaini dituzten oturuntz sozial eta enpresarialez gain. Hartu dituen 355 antzezlanei dagokienez, 307.411 ikusle bildu dituzte eta 8,4 milioi eurotik gora atera dira sarreren salmentarekin. Horri esker, "auditorium publikoen buruan mantendu da Euskalduna".

1.000 partaidetik gorako 8 kongresu handi hartu dituela eta inoiz lortu den zifrarik altuena berdindu dela azpimarratu beharra dago. Kongresu horien artetik, Gaixotasun Kardiobaskularrei buruzkoa gailendu da, 2015ean Euskadin egindako handiena izan delako, 3.100 partaiderekin.

Horrek esan nahi du okupazioa %94koa izan zela, 2014koa baino 3 puntu gehiagokoa. Zifra hori Jauregiak orain arte lortutako batez besteko okupazioa baino 4 puntu handiagoa da eta inauguratu zenetik lortutako okupaziorik handiena izan da.

Euskalduna Jauregiak 2015ean izandako bisitari kopuru osoari dagokionez, 567.345 pertsonakoa izan da, 2014an baino 147 gehiago, eta Jauregiaren historian izandako bisitari kopuruaren marka berria hautsi da. Guztizko kopuru horretatik, 259.934 bileretako ekintzetara joan dira eta 307.411 ikuskizunetara eta antzezlanetara.