Suteengatik suhiltzaileek burututako esku-hartzeek behera egin dute

uriola.eus 2016ko ots. 8a, 12:45

Argazkia: @BomberosBilbao

Bilboko Suhiltzaileen eta Babes Zibileko 2015eko Txostenean jardueren kopurua handitu da iazkoarekin alderatuta. Guztira, 2.648 bider esku hartu zuten, hau da, 2014an baino %31 gehiago. Suhiltzaileen lan nagusia asistentzia teknikoa ematea izan da. %76 egin dute gora asistentzia emateko irteerek. Suteek, berriz, behera egin dute, 2014rekin alderatuta %3 gutxitu dira.

Asistentzia teknikoak

Asistentzia teknikoak esku-hartzeen arrazoi ohikoena izan ziren 2015ean (guztizkoaren %42,2). Horretan sartzen dira ondoko arrazoiengatik suhiltzaileek egindako esku-hartzeak, besteak beste: etxaurreetatik askatutako gauzak, zuhaitzak kalean jaustea, erakusleihoen hausturak, kalera jausitako gauzak, elektrizitateari eta gasari lotutako arazoak eta abar.

2015ean suhiltzaileek guztira 1.116 asistentzia tekniko burutu zuten (aurreko urtean baino %76,9 gehiago). Gehikuntza hori egon arren, 2014ko datuarekin alderatuta, %30,2ko jaitsi da esku-hartzeak eragiten dituen arrazoi nagusia -etxaurreetatik askatutako gauzak-, guztira 185 asistentzia eginda.

Hala ere, nabarmendu beharreko alderdien artean, egoerak ebaluatzeagatik eskainitako asistentzia teknikoek %52,6 igoera izan dute 2014ko datuekin alderatuta, 97 irtenaldiren ordez, 2015ean 148 izanik.

 

Salbamenduak

2015ean, Bilboko suhiltzaileek 897 esku-hartze egin zituzten (iaz baino %11,7 gehiago).

Erletxeak kentzeagatik salbamendu-kopurua handitu dela nabarmendu behar da, aurreko urtearekin alderatuta %191,9ko igoera izanda, 2014an 159 esku-hartze erregistratuta eta 2015ean, berriz, 464. Atal honetan irteteko arrazoi nagusia izan da.

Esku-hartzeko bigarren arrazoia, adinekoak edo desgaituak etxebizitzetan erreskatatzeari lotutako dago eta 2014ko datuekin alderatuta, %3,2ko igoera izan du –2014an 336 irtenaldi eta 2015ean 347-. Halaber, trafiko-istripuengatiko erreskateetan %52ko murrizketa egon bada -2014an 79 eta 2015ean 38-. Era berean, Ibaizabalen egindako esku-hartzeek %56ko murrizketa izan dute, 2014an 25 eta 2015ean 11-.

 

Suteen ondoriozko eskuhartzeak

Suteek eragindako esku-hartzeak gutxien eman zirenak izan ziren, guztiaren %33,9. Herritarrak hobeto kontzientziatzeak, eraikin eta lokaletan -publiko zein pribatuetan- eraikuntzako hobekuntzak egiteak eta udal ikuskatzaileen zaintzak lagundu dute etxebizitzetan eta gainerako eraikinetan sute gutxiago egoten. Atal horretan, 2014rekin alderatuta %3,3 gutxitu dira esku-hartzeak -2014an, 245 eta 2015ean, 237- Bilboko sute-kopurua handitu arren (%9,1). 

2014an bezala, asmo txarreko ekintzetan edukiontziak erretzearen ondoriozko suteak oraindik dira bigarren arrazoi ohikoena, antzeko kopurutan mantenduta, %1,3ko igoerarekin -2014an 223 eta 2015ean 236-.

Beste sute-mota batzuetan hazkunde nabarmena egon da, esate baterako, sastraketan -%75,6ko igoera, 2014an 37 eta 2015ean 65- edo ibilgailuen suteak -%43ko gehikuntza, 2014an 35 erregistratu ziren eta 2015ean, berriz, 50-.

 

Larrialdi medikoak

SAMU udal anbulantzien zerbitzuak iaz guztira 1.500 larrialdi mediko atenditu zituen eta horietatik %41ean pazientea ospitalera eraman behar izan zen.

Esku-hartze horien arrazoi nagusiak hurrengoak izan ziren: %23,6an (354) prebentzioa izan zen; %22,6an jauskerengatik (339); %14,9an (223); %8,9an erasoengatik (133); %7,5ean intoxikazioagatik (112); %7,2an talkengatik (108); eta %1,5ean soilik ibilgailu batek harrapatuak izateagatik (22). 

 

Ikuskaritzak eta prebentzio-lanak

Hamar teknikari profesionalez osatutako Prebentzio alorreko udal-ikuskatzaileen taldeko lana gero eta garrantzitsuagoa da azken urteotan, Bilboko Udalaren Herritarren Segurtasun Sailaren jardueraren barruko sute eta larrialdien aurkako babesaren alorrean.

Prebentzio-saila edozein motatako eraikin eta jardueratarako segurtasun-neurriez arduratzen da eta helburuak, arriskuen arabera, urtero aldatzen dira. Hala, 2015ean, jendeari irekitako lokaletan, aparkalekuetan eta saltokietan ipini zen arreta berezia. Horri esker, Bilboko jarduerek arrisku-maila nahiko ona edukitzea lortu da, suteen aurka babesteari dagokionez.

Honenbestez, 2015ean guztira 494 jarduera ikuskatu ziren: jendeari irekitako 143 lokal, 151 aparkaleku eta 21 saltoki. Gainera, lizentziei buruzko 179 txosten prestatu ziren. Halaber, jendearen segurtasuna bermatzeko ikuskaritzako 372 akta egin ziren 51 ekitalditan Bilbo osoan. Horietan, dena behar bezala bete zela nabarmendu behar dugu.