Gazteen ikuspuntutik bakea eta bizikidetza

uriola.eus 2016ko ots. 12a, 08:00

'Bakehizketak' bakea eta bizikidetzaren inguruko dokumentala gaur aurkeztuko dute Azkuna Zentroan. Ikus-entzunezko lana Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak aurreko urrian antolatutako jardunaldietan jasotako irudi eta hitzekin osatu da. Gazte eta eragile sozialak dira dokumentaleko protagonistak.

Bi zatitan egongo da banatuta gaurko ekitaldia. Alde batetik, 17:30etatik 19:00etara Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren (EGK) aurkezpena egingo da, jarraian dokumentala emitituz. 19:15etatik 20:30etara bigarren zatiari ekingo diote dinamika parte-hartzaile batekin. 40 gaztek eta 40 eragilek parte hartuko dute bertan.

EGK-k aipatu bezala "gaurko zita gazteen ikuspuntutik bakea eta bizikidetza lantzeko aukera paregabea izango da".

'Bakehizketak' izena hartu zuen EGK-k antolatutako esperientziak, asteburu bateko elkarbizitza, lehengo urteko urrian Arrasaten egin zena. Topaketetan talde ezberdinetan diharduten hogei gaztek hartu zuten parte; era berean, euskal errealitatearekin harreman zuzena duten pertsonaiekin elkartzeko aukera izan zuten. 

Gaur egingo den aurkezpenean dokumentalean agertzen diren gazteak egongo dira, dena den, antolatzaileek Bilboko beste gazteei ere deia luzatu diete, bakea landu ahal izateko aukera ona delakoan.