Correscales

Grebaren ondoren eta grebaren atzean

EH Bildu 2016ko ots. 9a, 09:00

'Lan berdinagatik, ordainsari bera' lelopean Telefonicako kontrata eta azpikontraten langileek manifestazioa egin zuten. Ez dute egoera prekarioan lan egin nahi, lanaldi krudelekin, astebururik gabe eta beti behin-behinekotasunaren presiopean.

Hori dela eta, iazko apirilean multinazionalak prekarizatutako ehundaka langilek haien eskubideen defentsan altxatu ziren, konpromiso eta elkartasun eredu den asanblada baten indarra oinarri zutela.

Greba horren balantzea, langileen ahotan, baikorra izan zen; gehiago Bilbon Bartzelonan baino. Lan baldintzetan lortutako hobekuntzetan sakondu gabe, gaur egun enpresetan bizi den egoera prekarioa azaleratu zuten: multinazional baten atzean dagoen azpikontratatutako lana eta kontratu zaborrak, alegia. Beste era batera esanda, langileak mozkin gehiago lortzeko tresna bat baino ez diren sistema baten atzean zer dagoen erakutsi zuten.

Zoritxarrez, ez da egoera isolatua. Emakume gazte migrantea prekarietatearen eredu argiena da. Hala ere, Euskal Herriko datuak nabarmentzekoak dira: kontratuen %90ak behin-behinekoak dira eta horien ia erdiak hilabete bat baino gutxiagorako; gazteen artean langabezia %40koa da. Egoera hori, beraz, prekarietatearen inguruko salaketak isilarazteko tresna bihurtzen da.

Gehiegitan gu estatuaren ispiluan begiratzea nahi dute, baina eredu hori konformismoaren adibide garbiena da. Enpresa eraikitzaileek, zementerek, korrupzioak eta kalitate bajuko turismoak espoliatutako herrialde batean ematen den konformismoa, hain zuzen ere. Gure norabidea kontrakoa izan behar du, aberastasunaren banaketan eta justizia sozialean oinarrituriko eredu propioa eraikiz. Burujabetza ekonomikoak soilik jarriko gaitu bide horretan.

Bilbotik Bartzelonaraino doazen 800 kilometroak egingo dituen Korrika prekarioak, Correscalesak, gaur egun bizi dugun egoera hori mahaigaineratzen du beste behin ere. Egoera prekarioenean dauden langileen arteko zubiak eraikitzen ditu. Egoera aldatu daitekeela mahaigaineratzen du; kalera ateraz, elkartasuna abian jarriz eta sektore desberdinek elkarren artean babestuz gauza asko aldatu daitezke.

Korrika horretan parte hartzen dugu eta babesten dugu. Izan ere, elkartasunetik haratago, honelako ekimenek gizarte eraldaketa bat nahi duten mugimendu sozial, sindikal eta politikoen arteko harremana sendotzen dute. Proposamenekin eta ilusioz betetako praktika politiko batetik egiten dute.

Gizarte arlotik gatozenentzat, gure aldarrikapenerako gunea kalea da. Baina parte hartzen dugun erakundeek ezin dute beste alde batera begiratu. Erakundeek, milaka lanpostu desagertu eta prekarizatzen direnean, ezin dute beste alde batera begiratu. Erantzunkizun zuzena daukate eta hori exijitu egin behar diegu.

Zoritxarrez gure erakundeek (Udalak eta Diputazioak) garatutako politikek, prekarietatearen kontra egin beharrean, aurkako norabidea izan dute. Ezagunak dira gure lurralde historikoan egindako obra publiko askotan izandako lan baldintzak (San Mames, Supersur…) eta hori, urterik urte, lan sektore guztietan izandako lan istripuak ahaztu gabe. Eta prekarietate horren ondorioz izandako istripu askotan hildakoak izan dira.

Prekarietatea zerbitzuen externalizazioaren ondorio zuzena ere bada. Lehen zerbitzu publikoak zirenak azpikontratatzearen ondorio, alegia. Pribatizazioak, beraz, eragin zuzena du prekarietatean. Eta pribatizazioak erabaki politikoen ondorio dira. Denok ikusi dugu nola lehen udalek eta diputazioek kudeatutako zerbitzuak enpresen esku geratu direla; mozkinak helburu bakartzat duten enpresa handien esku. Helburu hori, mozkin ekonomikoa alegia, langileen lan baldintzen kontura eta zerbitzuaren kalitatea kaltetuz lortzen dute. Eredu berri horri “kudeaketa publiko-pribatua” deitzen diote. Hau da, guztion diruarekin zerbitzua eta enplegua prekaritzatzen da gutxi batzuek diru asko irabaztearen truke. Gaur egun aurrekontu publikoen zati handiena horrelako zerbitzu externalizatuak ordaintzera bideratzen da.

Horretan administrazio publikoak badu zeresana. Kontratazio baldintzetan eta kontratuak ematerako orduan klausulak jarriko balituzte (gizarte klausulak) enpresen gehiegikeriak eta neurrigabekeriak ekidingo lirateke.

Alternatiba errealak eta eraginkorrak egon badaude. Betebehar bat da borroka horretan parte hartu eta parte izatea. Arlo publikoak lanpostuak sortu behar ditu; lanpostu duinak eta pribatizatutako sektoreak berreskuratu behar dira arlo produktibo berrietan parte hartuz.

Movistarreko langileek salatutako lan baldintzak betikotzea ekiditeko lege liberalei bidea itxi behar zaie. Eta, noski, denok bizi duin bat izan dezagun aberastasuna banatu.

David Lopategi, Alba Fatuarte, Karlos Renedo eta Irati Sienra EH Bilduko kideak