"Hizkuntza bat ez bada erabiltzen hein txikiago batean egokituko da"

uriola.eus 2016ko ots. 9a, 09:23

Ane Berro hizkuntzalariak 500 orriko doktorego-tesian euskal aditzaren inguruko teoriak apurtu ditu berriak proposatzeko. Euskararen gardentasunak lagundu dio horretan. Aurrerantzean bere teoriak beste hizkuntzekin frogatuko ditu hizkuntza aniztasuna azaltzeraino.

Bost urte eman dituzu Breaking verbs (Aditzak apurtzen) izeneko doktorego-tesia egiten (UPV/EHU & UBM, 2015). Zergatik sortu du harridura zure tesiak?

Oso oinarrizko kontzeptu batzuk zalantzan jarri ditudalako. Kasu honetan, aditzak. Nire buruari galdetu diot zer den aditz bat, nola defini dezakegun. Saiatu naiz bilatzen zeintzuk diren aditzaren funtsezko ezaugarriak, eta horrek eraman nau esatera euskaran oso zaila dela aditz kategoria topatzea.

Zer egin duzu zehazki?

'Familia bat etxegabetu' badiozu, nik etxegabetu aditza hartu dut eta aditz gisa nola sortu den aztertu dut. Zeintzuk dira aditz horren osagaiak? Badago egitura sintaktiko bat etxegabeturen azpian edo ez? Nik baietz diot, badela egitura sintaktiko bat. Ingelesez evict da etxegabetu. Itxuraz, ale lexiko bat baino ez da evict. Euskaraz aldiz etxe-gabe-tu, hiru ale ditugu. Euskaran aditzak zati txikiagotan zati daitezke, eta hori uneoro ikus daiteke. Horregatik diot aditzak aztertzea izugarri polita dela. Aditz bat ia beti, askotan, zati dezakezu zati txikiagotan. Ingelesezko aditzekin ez ditugu ikusten euskarazkoekin ikus ditzakegun gauza guztiak. Euskarak osagai guztiak erakusten dizkizu, oso gardena da. Mahaigaineratu, sailkatu, ureztatu... hitz guzti horietan osagai guztiak ikus daitezke. Horrek aukera asko ematen du teoria sintaktikoa aberasteko eta ziurtatzeko.

Dena kolokan jarri duzu. Zer azpimarratu zizuten epaimahaikideek?

Egungo teoria gehienek nagusi diren hizkuntzak deskribatzen dituzte. Begiratzen ditugunean desberdinak diren hizkuntzak, euskara adibidez, topatzen ditugu bitxiak diren ezaugarriak, beste hizkuntza handiak deskribatzen lagundu ahal digutenak. Hizkuntzalaritza teorikorako eta tipologikorako oso esanguratsua izan daiteke. Gogoratzen dut epaimahaikide batek esandakoa. Berari iruditzen zitzaion tesi honekin ate berriak ireki direla. Gauzei begiratzeko beste modu bat erakusten duela. Bat-batean zalantzan jartzen duelako aditza. Guztiontzat dirudi aditza kategoria unibertsal bat dela, oso oinarrizkoa, hizkuntza guztietan dagoena, eta halako batean nik esan dut: 'Zer da aditz bat'. Batzutan euskaraz aditzek izenak diruditelako. Aditzak izenak edo adjektiboak izan ahal badira, orduan zer da benetan aditz bat izatea? Hori da erakutsi dudana.

Zertarako balio du zure ikerlanak?

Hizkuntza hobeto ezagutzeko. Hizkuntza, giza fenomeno bezala. Ez modu sozial edota kulturalean, baizik modu askoz unibertsalago batean, perpausak eta hitz konplexuak sortzeko gaitasun mental gisa. Gizakiok jaiotzen gara hizkuntza izateko gaitasunarekin, eta entzuten dugunarekin garatzen dugu. Buruan daukagun hori hobeto defenitzen lagun diezaguke, hizkuntza giza fenomeno unibertsal bezala hobeto ezagutzen. Euskarak ere egin dezake bere ekarpena.

Euskarak ez du bere ekarpena egin?

Bai, jakina. Euskarak arreta handia deitu du, eta badira hizkuntzalari asko euskara ikertu dutenak. Kanpokoak ere bai. Baina kasu honetan, aditzetan, nik jorratu ditudan alorrak gutxi samar landu dira.

Beka bat eskuratu duzu hurrengo hiru urtetan Gasteizen eta Parisen ikerketan jarraitzeko? Zein helmuga duzu?

Euskararako proposatu ditudan teoria horiek beste hizkuntzak baliatuta aplika daitezkeen ziurtatzea. Ziurrenik, gauza batzuk aldatu beharko ditut. Hizkuntza nominatiboak eta ergatiboak konparatuko ditut. Euskararen antzekoagoak izan daitezkeen hizkuntzak eta euskaratik apur bat aldentzen diren hizkuntzak. Nire teoriekin hizkuntza aniztasuna azaltzera iritsi nahi nuke.

Ergatibotasuna ikertzea izan zen hasieran zure ikerlanerako gaia. Zergatik aldatu zenuen?

Asko ikertu da euskaran eta beste hizkuntza batzutan ergatibotasuna. Euskararen kasuan, askotan lotu da ergatibotasuna aditz motarekin. Nik ekarpen bat egin nahi nuen batez ere aditzei begiratuz. Hasi nintzen aditzak begiratzen eta konturatu nintzen euskarazko aditzak aztertzea izugarria zela, kristoren altxorra genuela arakatu gabe, eta azkenean, atera zitzaizkidan eduki guztiak ziren gehiago aditzaren ingurukoak. 

Bost urteren ondoren asebete duzu zure burua?

Bai, bizitza berria hasi dut. Oso gustura gelditu naiz egindako lanarekin. Beti daude hobetzeko gauzak, ez dago lan perfekturik, baina hartu dudan lasaitua izugarria da. Defentsarekin eta tesiak izan duen harrerarekin oso gustura geratu naiz.

Doktorego-tesia bukatu duzu 29 urterekin eta egin bitartean bestelako lan batzuk egin dituzu, besteak beste, ama ere izan zara. Zelako urteak izan dira?

Prozesu oso gogorra izan da. Hainbeste lan, hainbeste zuzenketa eta hainbeste berridazketa. Psikologikoki oso gogorra da eta amaiera izugarria. Nire kasuan familiaren laguntza itzela izan da. Tesi bat egiteak eskatzen du ez tesia egiten duen pertsonaren inplikazioa, ingurukoena ere bai. Horregatik diot tesi hau talde-lana izan dela, kuadrillan egin dugun lana.

Zein da hizkuntzalarien gaitza?

Bi dira. Batetik, denok hitz egiten dakigunez denok hizkuntzen inguruan badakigula pentsatzen dugu, hizkuntzalariak garela. Mundu guztiak ditu bere ideiak eta topikoz betetako ideiak gehienak, benetakoak ez direnak. Beti ibili behar dut topiko horien kontra borrokan. Bestetik, hizkuntzalaritza teorikoa oso teorikoa denez, gure lanaren balioa jendeari azaltzea batzutan asko kostatzen da.

Zein da zuretzat topiko gorrotogarriena?

Hizkuntza batzuk oso zailak direla dioen topikoa. Hori euskarari sarri esaten zaio. Jendeak esaten du 'euskara oso zaila da'. Horrela pentsatzea izan daiteke aitzakia bat euskara ez ikasteko. Modu objektibo batean, ez dago hizkuntza  bat beste bat baino zailagoa. Hizkuntza batzuk hurbilagoak dira tipologikoki beste batzuk baino. Benetan ez dago hizkuntza zailik edo errazik, guztiek dute konplexutasuna eremu batean edo bestean. Katalana, adibidez, tipologiko gaztelaniatik oso hurbila da eta horregatik gaztelaniadun elebakar batek katalana ikasiko du seguruenik erraz. Euskara tipologikoki desberdinagoa izateak sor lezake zailtasuna ikasketan.

Topiko faltsu gehiagorik bada?

Bai. Esaterako, euskarak lexiko oso txikia duela eta gaztelaniak berriz handia. Hortaz hizkuntza askoz handiagoa eta aberatsagoa dela euskara baino. Baina hizkuntza bat ez da bestea baino aberatsagoa, ahaltsuagoa edo handiagoa. Hizkuntza bat munduko hiru kontinentetan hitz egiten bada, normala da hitz gehiago eta aldaera gehiago egotea. Aldiz, hizkuntza bat eremu txiki batean hitz egiten bada aldaera gutxiago izango ditu agian. Baina, berez, aberastasuna edo hizkuntza baten ahalmena ezin da horrela neurtu.

Topikoen aurrean hizkuntza gutxituak galtzaile ateratzen dira?

Bai, beti. Modernitatean sortzen diren esanahi berrietarako edota behar berrietarako ezin dutela egokitu dio beste topiko faltsu batek. Baina hizkuntza bat beti egokitu daiteke. Ez bada erabiltzen hein txikiago batean egokituko da. 

 

Argazkiak: Iñigo Azkona