Literaturako ironiaz David Safier eta Joaquin Bergues

uriola.eus 2016ko ots. 16a, 08:53

David Safier / Argazkia: www.bz-berlin.de

Jon Bilbao idazleak aurkeztuko du hitzordua gaur, hilak 16. Topaketak arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta aldi bereko itzulpen zerbitzua izango du. Saioa streaming bidez ere jarraitu ahal izango da.

Eztabaidak Literaturarekin, jende aurreko elkarrizketa lasaiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bidebarrieta Kulturgunearen ekimenak, Maldito karma edo Jesus me quiere bezalako argitalpen arrakastatsuak idatzi dituen David Safier idazle alemana eta Joaquin Berges egile aragoidarra elkartuko ditu, literaturako umoreari eta ironiari buruz hitz egiteko; biek ere maisutasun handiz erabiltzen dituzten baliabideak, hain zuzen ere.

Ohikoa denez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Horrez gain, saioak aldi bereko itzulpen zerbitzua izango du. Oraingo honetan, gidaria Jon Bilbao idazlea izango da.

Maldito karma (Seix Barral, 2009) lehenbiziko eleberriarekin, David Safierrek (Bremen, 1966) milioi bat ale saldu zituen Alemanian eta arrakasta handia lortu zuen mundu osoan. Gaztelaniaz hogeita hamar edizio baino gehiago argitaratu zituen. Ondoren kaleratu dituen Jesus me quiere (Seix Barral, 2010) eta Yo, mi, me... contigo (Seix Barral, 2011) lanek egungo literaturaren panoramako egile dibertigarrienetakoa dela baieztatu dute.

Izan ere, arrakasta horren aintzatespen gisa, 2011n Zilarrezko Luma jaso zuen Bilboko Liburu Azokan. Iazko urtearen amaieran Mas maldito karma bere azken lana kaleratu zuen, irakurleen artean horrenbesteko ospea eman zion gaira itzuliz. Oraingo honetan protagonistak Daisy eta Steven dira, bizimodu kaotikoa duten eta trafiko istripu batean hiltzen diren bi antzezle. Ekintza gaiztoen ondorioz inurri gisa erreenkarnatuko dira.

Eztabaidak Literaturarekin ekimeneko hitzarmen berri honetako bigarren gonbidatua Joaquin Berges (Zaragoza, 1965) da. Filologia Hispaniarrean lizentziatua Zaragozako Unibertsitatetik, El club de los estrellados lanarekin egin zen ezaguna, kontalari bikain gisa azaldu zen lehenengo eleberria –Gaztelaniaz idatzitako Lehenengo Liburu Onenaren Saria irabazi zuen Frantziako Festival du Premier Roman de Chambery izenekoan–. Baina Vive como puedas (2011), bere familiaren aginpidea ez galtzeko ahaleginetan ari den gizon bati buruzko komedia barregarria izan da, irakurleen eta liburu saltzaileen aholkuei esker, irakurleen artean arrakasta iraunkorrera eraman duena.

Pertsonaien eta egoeren sortzaile bikain, istorio barregarrien eta hunkigarrien kontalari, Un estado del malestar, bere hirugarren eleberrian, Joaquin Bergesek umore lehergarriaren ezaugarriak nola menderatzen dituen erakusten du, erredentzio eta maitasun istorio ederraren erdian. Ondoren Linea invisible del horizonte argitaratu zuen, eta joan den maiatzean Nadie es perfecto lanak ikusi zuen argia, maiordomoa eta aristokratak dituen Ingalaterrako etxe handi batean gertatzen den eta kritikarien iritziz bere libururik dibertigarriena den dibertsio literarioa.

Saioa streaming bidez ere jarraitu ahal izango da webgune honetan: www.kulturguneatb.net

 

Hamargarren edizioa

2007ko urtarrilean Eztabaidak Literaturarekin egitaraua martxan jarri zenetik, 270 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 8.500 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marias eta Toti Martinez de Lezea, Maria Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vazquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regas edo Juan Jose Millas eta Pedro Ugarte, besteak beste.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.