LGTB publikotik haratago zinezaleengana eta kalera joko du Zinegoak

uriola.eus 2016ko ots. 10a, 17:24

"Ez dugu nahi Zinegoak LGTB publikoarentzat soilik zuzendutako festibala izatea", adierazi du gaur Pau Guillen zuzendariak. Hori dela eta, Bilboko Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiaren 13. edizioa "zine ona gustuko duen publiko zabalari" zuzendua dago. "Uste dugu kultura tresnarik onena dela jendarte guztia sentsibilizatzeko". 

Helburu hori lortu nahian, erakusketak, kontzertuak, mahai-inguruak, antzerkiak eta, nola ez, zine ugariz betetako egitarau zabala dakar aurtengo Zinegoak jaialdiak. Publiko zabalarentzat kultura-hitzordua izateko gogo horren adibide argia da otsailaren 28an Azkuna Zentroko atrioan Rock & Kids Bandek emango duen familientzako rock kontzertua. Gora nire familia izenburua du saioak eta "haur eta nagusientzat kultura eta heziketa-proposamena da, arina eta dibertigarria, gaur eguneko jendarteko familia-ereduez mezu positiboa bidaltzeko asmoa duena". 

Zinema-erakustaldia otsailaren 22tik eta 29ra bitartean izango den arren, Zinegoak otsailaren 16tik aurrera hasiko da motorrak berotzen. 

Eta egun horretan, Alde Zaharreko kaleetan argazki-erakusketa bat inauguratuko da, LGTB kolektiboaren aktibistek Afrikan bizi duten egoera azaleratuko duena. Amnistia Internacionalek antolatua Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearen lankidetzarekin, formatu handiko 27 argazki biltzen ditu, eta hiriaren bihotzetik barra-barra zabalduko dira establezimenduetako erakusleihoetan. 

 

 3, 2, 1... Zinegoak! 

Beste nobedade moduan, edizio honetan festibalaren aurreko astebururako ere antolatuko dira ekintzak, sexu-aniztasunaz hausnarketa egiteko esparru berriak irekitzeko asmoz. 

Otsailaren 18an, gainera, Euskadiko LGTB mugimenduaren lehen dokumentazio artxiboa aurkeztuko da Euskal Museoan. Berdinduren (gay, lesbiana, transexual eta bisexualentzako Euskadiko Arreta Zerbitzua), eta LGTB kolektiboa ordezkatzen duten elkarteen elkarlanarekin sortua, dokumentu, argitalpen eta multimedia fitxategien bilduma da. Gai horren inguruko lehen Dokumentazio Zentro Birtuala izango da. 

Otsailaren 19an, Docken (Paseo de Uribitarte, 3) Hacia una primavera rosa sailaren azken dokumentalaren estreinaldia eskainiko dute. Mario de la Torre zuzendariaren proiektua da, munduko hainbat tokitako sexu-eta afektu-aniztasuna aztertzen duena. Tunez eta Errusiari eskainitako kapituluen ostean, Mexikoko errealitateari eskainitakoa estreinatuko da Bilbon. Proiekzioa eta gero, mahai-inguru bat izango da euskal ikus-entzunezko profesionalen parte-hartzearekin. Solasaldirako eta gaien azterketarako bilgunea sortzeko, Mikel Rueda eta Roberto Caston zuzendariek edo Fernando Diez ekoizleak izango dira partaide.

Otsailaren 20an, trans nortasunaren eta transfeminismoaren bilgunea sortuko da Bilborrocken, Pikara Magazine eta Zinegoaken eskutik. Bertan, De Berta a Teo dokumentala proiektatuko da, bere burua transtzat hartzetik lesbianatzat jotzera trantsitua egin duen pertsona baten kontakizuna; eta ondoren eztabaida irekiko da, protagonista berarekin; eta azkenik, Viruta FTM egile abeslariak kontzertua eskainiko du gorputzaren aldaketa, prekarietatea eta maitasunaz mintzatzen diren abestiekin. 

Otsailaren 21ean, eta ondoren etorriko den zinema-astearen apertif moduan, Go Fish filmaren emanaldia izango da Bilborocken, Rose Trocheren, Zinegoak Ohorezko Sariaren irabazlearen lanik ezagunena. Amerikar zuzendari eta ekoizlea, The L Word telesailaren egilea bertan izango da eta ikus-entzuleekin solasaldia egingo du. 

Zine onaz beteriko astea 

Baina, hainbeste ekintzekin, ezin dugu ahaztu Zinegoaken helburu nagusia zine ona eskaini eta aretoak adin eta mota guztietako jendez betetzea dela. Horretarako, edizio honek zazpigarren artearen lan-sorta zabala bildu du programan. Areto komertzialetara helduko ez diren lanak. 

Lehiaketa otsailaren 22an, astelehenean, abiatuko da Arriaga antzokian izango den inaugurazio ekitaldian, eta bertan, Rose Trocheri Ohorezko Saria emateaz gain, Closet Monster filma ikusteko aukera izango da. Fantasia eta errealitate gordinezko kontakizuna da, Torontoko azken festibalean nabarmendu eta kanadar ekoizpen onenaren saria jaso zuena.

Atal Ofizialean (12 fikziozko film luze eta 8 dokumental lehiatuko dira) honako izenburuak izango dira, besteak beste, Desde Allá, Veneziako Mostran Urrezko Lehoia eskuratu zuena; Io e Lei, Marguerita Buy aktore italiarrarekin; edota Yes, we fuck! dokumentala, aniztasun, sexualitate eta funtzionalitateaz hitz egiten duena.

Edizio honek sexu eta afektu-aniztasuna hainbat ikuspuntutik jorratzen duten lanak ere jasoko ditu. Adibidez, TransMex atalak, hainbeste kontraste dituen Mexikoko jendarteko transexualitatearen perspektiba eskainiko du, eta OFF Zinegoak atalean, aldiz, zinemarik esperimentalena aurkeztuko da; biak BilbaoArten eta doan izango dira.

Bestetik, Begiradak film laburren atal ofiziala ere izango da. Aurten gaia eta jatorriaren arabera sailkatuko dira filmak.

Sarean espazioa, Histeriako Karpinteria edo Fnac izango dira Bilgune atalaren topagunea, zinema emanaldiak eta bolo-bolo dabiltzan gaien eztabaidarako guneak bilduko dituen formatua.

La Fundicionen "film klasiko ezkutu argituak" izango dira, doan. Besteak beste, Gordon Douglasen El detective, Frank Sinatra protagonista duena, eta Roberto Aldrichen El asesinato de la hermana George. BBK Aretoan, berriz, La Gata sobre el Tejado de Zinc proiektatuko da. 

 

Epaimahaia, sarituak eta Zinegoak Hedapena

Karim Aïnouz brasildar zuzendari ospetsua izango du epaimahai ofizialak buru. Aïnouwn azken film luzea Praia do futuro Fas Zineklubean proiektatuko da otsailaren 23an. Aïnouzek epaimahaikide izango ditu Tatiana Lo Iacono eta Maialen Beloki. Palmaresa otsailaren 28an, amaiera galan, kaleratuko dute. Amaiera ekitaldi horretan, Ventura Ponsen El virus de la por filma ikusteko aukera izango da. Eta hurrengo egunean, saritutako filmak proiektatu eta jarraian, Zinegoak Hedapenari emango zaio hasiera, Euskadi osora festibalean proiektatutako lanen hautaketa bat zabalduko dituen programa. Aurten, Berdinduri esker, 30 udalerrik hartuko dute parte. 

 

zinegoak.com

@Zinegoak 

facebook.com/ZINEGOAK