Garoña zabalduz gero Iberdrolatik alde egiteko prest daudenen konpromiso bila

uriola.eus 2016ko ots. 11a, 11:00

Argazkia: @hectorpastorfernandez

"Arrisku larria" dagoela eta zentral nuklearra berriro zabaltzeko, Iberdrolarekin "mozteko prest dauden erakundeetako ordezkariei" bilerara dei egin die otsailaren 26an Bilbon Garoñaren kontrako Bizkaiko Foroak. "Garoña zabaltzen badute, Iberdrolatik betiko alde egin eta energia nuklearrik saltzen ez duen enpresa batera" jotzeko prest dauden galdegingo die Bizkaiko Foroak.

Elkarretaratzea Bilboko Zazpikaletako Kaldepareko kultur gunean egingo dute otsailaren 26an 18:30ean. Bertan, "Iberdrolarekin moztu" eta "portabilitatea egiteko konpromisoa" sinatuko dute publikoki hainbat erakundek, sindikatuk, alderdik edota hezkuntza eta kultur arloko pertsona ezagunek.

Ekimena xumea izango da. Hitzarmena edo konpromisoa irakurriko dute lehenik babesten duten erakundeetako ordezkari eta norbanakoek eta sinatu egingo dute ondoren. Amaitzeko, bertso batzuk botako dituzte. 

Bilboko ekimenaren antzekoa Gipuzkoan ere egitekoak dira Garoñaren irekieraren aurkako taldeak. 

 

Ondorioak

Txernobil eta Fukushimako istripuen ondorioz hil diren 200.000 pertsona eta galdu diren 500.000.000.000 euro eta gero, zentral nuklearrekin jarraitzea "eromena" dela uste du Garoñaren kontrako Bizkaiko Foroak. 

Bilbo, Garoñako zentral nuklearretik 60 kilometrora dago, eta bertan istripuren bat gertatuz gero, "Ordunteko ura kutsatu eta Bizkaia edateko urik gabe geratuko da", foroko kideen esanetan, "beste hainbat ondorioren artean".

 

www.garonarekinmoztu.net

garonarenkontrabizkaikoforoa@gmail.com