Hiriko kale edo plaza bati Ekainak 28 izena jar diezaiola eskatu du Bizkaiko Ekainak 28 koordinadorak Bilboko lesbiana, gay, transexual, intersexual eta "beste tankerako disidente sexualen" izenean. "Udalaren interesa ikusita, benetako Bilbo gay-friendly eraikitzen hasteko aukera" eskaini nahi dio koordinadorak.
Oraindik ere gizartearen "diskriminazio handia" jasaten dutela azpimarratu du koordinadorak Udalari eskaria egiterakoan, eta diskriminazioa gainditzeko borrokan ekainaren 28ak duen garrantzia aipatu du. "Nazioartean aitortzen da sexu askapenerako borrokaren aldarrikapenerako egun gisa". Baita Bilbon ere. 1979tik burutu dira hirian egun horretan sexualki disidenteak diren pertsonen duinatasuna aldarrikatzeko ekimenak. Data hori, gainera, "aldarrikapenen egutegian jasota du bilbotarren gehiengoak".
"Justizia" eta "erreparazioa" lortzeko modua da egungo Remigio Vilariño kaleari izena aldatu eta Ekainak 28 izena jartzea koordinadoraren esanetan: "Beharrezkoa da gogoratzea erregimen frankistak kolektibo hauek krudelki jazarri eta zigortu zituela. Horregatik justiziazkoa da diktadurari lotutako izena kentzean, harek utzitako lekua biktimek hartzea, sortutako kaltea konpontzeko keinu gisa".
EH Bildu: "Orain herritarrek erabaki dezatela eskatzen dugu"
Hiritarrek aukera ematen zaionean parte hartzen duten erakusle dira 600 proposamenak EH Bilduren esanetan. "Asko izan dira jasotako proposamenak. Orain herritarrek erabaki dezatela eskatzen dugu", adierazi du Aitziber Ibaibarriagak. Proposamenen galdeketa bat egitea eskatu dio Ibaibarriagak Udal Gobernuari.
Horretarako, proposamenak udal web orrialdean argitaratzeko eskatu du EH Bilduk, eta izen zerrenda horrekin batera "herritarren nahia ezagutzeko sistema sinple bat" ezartzeko. EH Bilduren ustez, alkateak kontuan hartu beharko luke, Remigio Vilariño kalea berrizendatzerakoan, herritarren nahia eta egun dagoen emakume izen kopuru txikia.
Prozedura
Memoria Historikoaren Legea dela eta, Bilboko kale-izendegia aztertu da. Lehendabizi, hurrengo aldaketa bi egingo dira: Espainiako Printzeak zubia izenaren ordez La Salve Zubia proposatu dute, izan ere, jendeak hala ezagutzen du. Bestalde, Aita Remigio Vilariño kalearen izena aldatuko dute.
Vilariñoren ordezko gisa Udalak zenbait proposamen egin ditu: Julita Berrojalbiz Berrojalbiz (irakaslea, Bizkaiko ikastola-mugimenduaren sustatzailea eta Loiuko Lauro Ikastolaren eratzaileetakoa), Benita Asas Manterola (irakaslea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko ekintzaile feminista), Adelina Mendez de la Torre (Bilboko irakaslea eta eskolako zuzendaria), Juanita Mir Garcia (kazetaria eta ipuin, kontakizun eta antzezlanen idazlea) eta Bizenta Mogel Elgezabal (lehenengo euskal emakume idazletzat, euskal literaturara ere fabularen generoa ekarri zuen lehenengo idazletzat eta euskarazko ume eta gazte literaturako lehenengo egiletzat hartutakoa).
Udalak proposatutako bost izen horiez gain, bilbotarrek eta alderdi politikoek emandakoak hartuko ditu kontutan Aburto alkateak. Alkatetzarena da kale-izendegiaren eskumen osoa.
[2016-01-25] "Zabalik da kale, bide publiko eta plazetarako izendapen berrietan parte hartzeko epea