Gaur, otsailak 9, internet seguruaren nazioarteko eguna da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak 'Zeuk esan' proiektua kaleratu du. Proiektuaren funtsa gurasoei euren seme-alabak teknologia berrien erabilera arduratsuan hezitzeko oinarriak ematea da.
Bestalde, hilabete barru Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak aholkularitza zerbitzu berri bat eskainiko du, gurasoek familientzako gida horren eta irakasleek DBHko ikasleentzako ‘egON LINE’ gidaren erabileraren gainean izan ditzaketen zalantzak argitzeko.
Eusko Jaurlaritzak teknologia berrien erabilera arduratsu eta segurua sustatzeko baliabideak eskaini nahi dizkie adin txikikoei, irakasleei eta gurasoei, eta helburu horrekin bat dator gidaliburu berria, Europako Batzordeak sustatu eta Internet Seguruaren aldeko Europako Sareak (INSAFE) astearterako antolatu dituen Internet Seguruagoaren aldeko Eguneko ospakizunen barne. Sustatzaileek -aurten Eusko Jaurlaritza ere- teknologia berrien erabilera seguruagoa sustatu nahi dute mundu osoan, bereziki, adin txikikoen eta gazteen artean.
Legegintzaldiaren hasieratik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak hainbat ekimen bultzatu ditu adingabeak babesteko Interneteko mehatxuen aurrean. Esaterako, 2015eko Internet Seguruagoaren aldeko Egunean (otsaileko bigarren asteartean izan ohi da), DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak teknologia berrietan hezteko gida pedagogikoa argitaratu zuen. Ikasmaterial hori, ‘egON LINE’ deritzona, Zeuk Esan ekimenaren proiektua dago eskura.