Garcia Rivero herri-ikastetxeak burutu dituen zenbait jardueren ondorioz, Atxuriko agenteak integrazioaren eta kultura aniztasunaren alde inplikatzeko egindako lanarentzat izan da aurten saria. Bestalde, Berrio-Otxoa eta La Salle ikastetxeek aurkeztutako lanak ere aipagarriak direla azpimarratu du epaimahaiak. Agente horiek hezkuntza-komunitatekoak ez ezik, familiak, merkatariak eta elkarteak ere badira. Horrela, eskolako ikasleen jatorrizko herrialdeei duten garrantzia eman nahi izan die eskolak egindako lanaren bidez.
Aniztasunaren aldeko 'K-ABIAN LANTALDEA' proiektua
Garcia Rivero ikastetxean garatutako proiektuak, eskola-komunitatea eta auzoko agenteekin batera kultur jarduerak egitea du ezaugarri, eta horretan biltzen dira proiektuko jarduera guztiak. Ikastetxeko neskato-mutikoek balio batzuk lantzea da helburua; hain zuzen, bai inguru hurbila, bai urruneko errealitateak begirunez hartuta, auzoaren gizarte eta kultura-arloko hazkundean lagun dezaten balioak lantzea.
Ikastetxeak adierazitakoaren arabera, "Munduko Ipuinak da proiektu horren barruko jarduera bat. Eskolako ikasleen gurasoek euren herrialdeetako legendak, kondairak, istorioak zein ipuinak kontatzen dituzte ikasle, irakasle eta beste guraso batzuen aurrean. Eskolako ikasleen familien jatorrizko herrialdeetako hizkuntzak, errealitateak eta lekuak berak hobeto ezagutzeko aukera dago. Era berean, kultura aniztasunarekiko begirune eta herrien eta kulturen arteko elkartasun-maila igo egiten da".
Auzoan irakurriz gozatu inklusioaren aldeko beste jarduera bat da. Eskolan dagoen kultura aniztasunaz baliatuz, herrialde ezberdinetako ikasleak egonda, elkar ezagutzearen alde eta gizarte integratzaile, konprometitu eta adeitsuaren alde lan egiten da. Ikasleek, gurasoek eta beste senide batzuek (aitita-amamak, neba-arrebak...) eta ikasle-ohiek, irakasle-ohiek, eskolako begiraleek eta auzokoek parte hartzen dute. Atxuriko agenteen inplikazioa erabatekoa da eta jarduera honi esker jatorri ezberdinetako herrialdeei duten garrantzia ematen zaie. Aldi berean, ikasleak kontzientziatu egiten dira ezberdintasunez eta aniztasun horren balioaz."