Arriagako foyerrean agertuko dira Iñaki Maritxalar eta Joxelu Treku abeslari eta musikariek gidatutako taldea. Haiek dira 1966ko azaroan Oskarbi sortu zenetik taldearen barruan mantentzen diren partaideak.
Haiekin batera Maite Aizkorreta (jatorrizko partaidea ere, baina utzi eta berriz itzulitakoa), Bakartxo Maritxalar (taldearen fase desberdinetan ibilitakoa), Carlos Ruiz eta Beronik Ondikola ariko dira ahotsetan. Musika jotzeari dagokionez, Iñaki Maritxalarrek gitarra hartuko du esku artean, akordeoia Carlos Ruizek, flauta jotzen Gontzal Iñarra izango da, perkusioaz Diego de Vera arduratuko da, Joana Ortegak joko du teklatua eta azkenik Maite Lopez de Arbina biolin-jotzailea azalduko da oholtza gainean, Oskarbirekin lehenengo aldiz jotzeko.
Oskarbi taldeak, esan bezala, 1966ko azaroan eman zituen lehen pausoak. 50 urte beteko dira, beraz, taldea euskal kantu herrikoiak zabaltzen hasi eta euskal kantu berriak egiten hasi zela. Bere ibilbide luzean kantaldi eta kontzertu andana eman ditu, Euskal Herrian batez ere. Lau urtez, Oskarbikoak Ez Dok Amairuko partaide izan ziren (1967-1971). Hamar disko plazaratu dituzte eta hamaikagarrena grabatzen hasi dira.
Bilbon berriz ere
Oskarbik, gutxienez, 20 aldiz kantatu du Bilbon. Lehen aldia 1968ko ekainaren 13an izan zen, Zurbaran auzoan, Ez Dok Amairu bezala. Baina aipagarriena seguruenik Oskarbik eta Joan Manuel Serratek La Casillan emandako kantaldia da, 1978ko otsailaren 3an gertatu zena.
Gaur Arriagako Gelatxoetan euskal poesiari lotua dagoen egitaraua eskainiko du Oskarbik, bere faktorian sortutako musika gehienbat eta doinu herrikoiak ere.
Sarrerak
Salgai daude 8 eta 12 euro artean www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian