89 gazte taldek parte hartuko dute 'Harrapazank Eszena' talentudun lehiaketan

uriola.eus 2016ko ots. 15a, 13:12

Harrapazank programaren barruan daude 'Harrapazank Eszena', sormena eta talentua zein den jakiteko, eta 'Sortuzank tailerrak', argazkigintzakoak, bertso-rapekoak, bitxiak diseinatzekoak, Dj aritzekoak, grafitikoak, zirkukoak edo smartphonaren bidez bideoak egiten ikastekoak. 332 gaztek hartuko dute parte programan: 260 gazte talentuen lehiaketan eta 66 gazte 'Sortuzank tailerretan'.

Gazteen artean euskara modu erakargarrian eta berritzailean bultzatzeko asmoarekin, Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskaltzaleen Topaguneak (Euskara Elkarteen Federazioak) abian jarri du aurten ere gazteentzako Harrapazank programa. Ekimen hau 9 eta 18 urte bitarteko bilbotar gazteentzat da eta euren gustuetara egokitutako jarduerak eskaintzen zaizkie.

Harrapazanken barruan programa bi daude: 'Harrapazank Eszena', Bilboko gazteen sormena eta talentua zein den jakiteko, eta 'Sortuzank' tailerrak, argazkigintzakoak, bertso-rapekoak, bitxiak diseinatzekoak, Dj aritzekoak, grafitikoak, zirkukoak edo smartphonaren bidez bideoak egiten ikastekoak.

Aurten asko igo da Harrapazank programak izango dituen parte-hartzaile kopurua. Izan ere, 332 gaztek eman dute izena: 260 gaztek 'Harrapazank Eszena' talentuen lehiaketan, 89 taldetan banatuta, eta 66 neska-mutilek 'Sortuzank tailerretan'. Iazko edizioan 34 talde eta 113 gazte izan ziren 'Harrapazank Eszenan'.

'Harrapazank Eszena'

260 gazte (218 neska eta 42 mutil) arituko dira talentuen 'Harrapazank Eszena' lehiaketan, 89 taldetan banatuta.

Lehiaketa kategoria bitan banatzen da: 

Harrapazank Junior, 9 eta 13 urte bitarteko gazteentzat. Guztira 166 gazte arituko dira, 50 taldetan banatuta.

- Harrapazank Senior, 14 eta 18 urte bitartekoentzat. Guztira 94 gazte arituko dira, 39 taldetan banatuta.

89 talde horietatik, 42 aantza arloan arituko dira (32 junior kategorian eta 10 Senior kategorian), 34 talde musika arloan hartuko dute parte (9 junior kategorian eta 25 Senior kategorian), eta 13 taldek antzerkia, magia edo performancearekin lotutako ikuskizunak eskainiko dituzte (9 Junior kategorian eta 4 Senior kategorian).

Talde guztiek entseguak egingo dituzte otsailean eta 9 irakasle profesionalen laguntza izango dute Basurtu, Errekalde, San Frantzisko, Begoña, Irala eta San Ignazioko barrutietako udaltegietan. Martxoaren 6tik 18ra egingo dira hautaprobak Bilborock aretoan, eta kategoria bakoitzeko 10 talde aukeratuko dira. Horiek erakutsiko dute beren trebetasunak azken emanaldietan.

Finalera igarotzen ez diren parte-hartzaileek arte eta kulturaren arloetako profesional batekin ikasten jarraitzeko aukera izango dute 'Sakontze tailer' batean, Begoñako Udaltegian apirilaren 7an. Beste alde batetik, finalistek Master Class bat jasoko dute azken emanaldirako zalantzak argitzeko eta beldurra kentzeko.

 

Seniorren emanaldia apirilaren 16an eta juniorren emanaldia apirilaren 17an izango dira, biak Bilborock aretoan. Kategoria bakoitzean 500 euroko sari bi emango dira.

'Sortuzank tailerrak'

66 gaztek eman dute izena 'Sortuzank' programan egingo diren tailerretan. 10 tailer horiek 11 eta 18 urte bitarteko gazteentzat dira eta argazkigintzakoak, bertso-rapekoak, bitxiak diseinatzekoak, Dj aritzekoak, grafitikoak, zirkukoak edo smartphonaren bidez bideoak egiten ikastekoak izango dira.

Edizio honetako berritasunak izango dira Bertso-rap eta Zirkuko tailerrak. 2014ko edizioko irabazlea izan zen Imanol Susok zuzenduko du zirkuko tailerra. Beste alde batetik, argazkigintza, disc-jockey eta smartphonarekin bideoak egiteko tailerrak berriro ematea erabaki da, iaz oso arrakastatsuak izan baitziren. 

 

Tailer guztiak emango dira apirilean, Abando, Errekalde, Basurtu eta La Bolsa udaltegietan, Euskararen Etxean (San Ignazion) eta Euskaduna zubiaren azpian.

'Bilrobot'

Aurten proba pilotu bat egin nahi izan da Bilboko zenbait ikastetxerekin, 8 eta 10 urte bitarteko neska-mutikoentzako programa honen bidez. Hiru tailer mota eskainiko dira: lehena robotikari buruzkoa, lehen robota egiteko; bigarrena esperimentuen diseinuari buruzkoa, eta hirugarrena bideojokoen diseinuari buruzkoa. Tailer horiek arrakasta izanez gero, datorren urtean eskaintza areagotu eta plaza kopurua handituko da.

Tailer horiek apirilean eta maiatzean emango dira Santutxuko Udaltegian eta Euskararen Etxean. Arrakasta badaukate, 'Sortuzank' programaren barruan sartuko dira.

Programa guztien helburua euskararen erabilera gazteen artean sustatzea da eta bertan parte hartzeko izena eman behar da www.harrapazank.com webgunea, gurasoen baimenarekin.

Bideoklipa

Iaz, Harrapazank programaren 10. urteurrena ospatzeko, bideoklip bat egin zen 2015eko Harrapazankeko finalistak protagonistak zirela. Aurten ere gauza bera egin nahi da baina bilbotar gazte guztiekin. Enkore taldeko liderra den Xabi Hooek parte hartzen duen Elkarrekin beti izango da abestia. Parte hartu nahi dutenek helbide honetan dagoen abestia erabil dezakete playbacka egiteko: http://harrapazank.com/bideoklip-berria-parte-hartu-nahi/

Taldean, bakarka, koadrillarekin, ikasgelako kideekin, nahi duzunarekin har daiteke parte. Baldintza bakarra da bideo labur bat bidaltzea abestia interpretatuz. Grabazio guztiak jasotzen direnean, bideoklipa muntatuko da eta azken emanaldietan erakutsiko da eta interneten jarriko da.